AIZARNAZABAL

 

        Gipuzkoako herri honen udalak euskara hutsean aritzeko deliberoa hartu zuen 1992an onarturiko ordenantzaren bidez.

        Udalek euskara hutsez jardutea ilegala zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 1999ko ekainean.

        Aizarnazabalek 554 hiztun zituen urte hartan, eta 3 bakarrik ziren erdaldun hutsak, %0,5a, familia bakarra, baina idatzirik laburrena ulergarri ematen zien udalak herritar haiei, behar zituzten tramitazio guztiak gaztelaniaz jaso eta egin ahal izan zitzaten.

        Aizarnazabalgo erdaldunek ez zuten inoiz kexarik aurkeztu inon. Espainiako Auzitegi Gorenak gaztelaniaz ez aritzea diskriminazioa zela ebatzi zuen.

        Epaitegietarik, Gobernu Zibiletik eta beste hainbat erakundetarik igorritako idatziak gaztelania hutsez hartzen jarraitu du Aizarnazabalgo Udalak.

        Menderatua da beti diskriminatzailea.

«Udalek euskara hutsez funtzionatzea ilegala da, Espainiako Auzitegi Gorenaren ustez». Euskaldunon Egunkaria, 1999-06-20

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus