Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1994ko martxoak 29

 

        Harritu egiten nau egoera politikoa barru-barruan eta bizi-bizi sentitzeko batzuek duten gaitasunak; harritu egiten nau zein poz intimo eta zinezkoz hartzen dituzten beren betiko ideiek eguneroko borroka politikoaren zelai beti nahasian izaten dituzten garaipenik txikerrenak ere, eta zein amorru erraietakoz astintzen duten egunkaria ideia horiei egindako eraso demagogiko batekin topo egiten dutenean. Indar hori nondik ote datorkien ezin asmatuta geratzen naiz, zur eta lur, horrelakoen aurrean, atxikimendu hain zintzo eta estu horren erroak non izan daitezkeen antzemateko ezgauza.

        Niri, aldiz, ez zaizkit ideologiaren arropak soinean itsasten mundura irten eta haren espaloi zabaletik nabilenean. Erabat biluzik sentitzera ere aise hel naiteke bakarrik banaiz; bakarrik ez naizenean, berriz, neure-neurerik ezean, inguruan ditudan lagunen arropak izan ohi dira sarri benetan janzten nautenak.

        Leunegia ote da nire larrua, bizitzaren atzapar zorrotzek gutxiegi urratua, gutxiegi zaildua, ideologia nire soinean itsatsita geratu ahal izateko? Litekeena da arrazoi prosaiko horrek ere zerikusirik izatea, baina bada —badela uste dut, badela sinetsi nahi dut, badela pentsatzeak liluratzen nau— hori baino sakonagoa den beste zerbait ere nire biluztasun batzuetan fresko besteetan hotz horren arazoaren inguruan: mundua oso urrun dagoela erakusten didan barne-begirada ilun eta abisala, hitz gutxitan eta gaizki —hobeto ezin— esateko.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus