2004ko otsailak 29

 

        Elkarrekin lotuta, errepide guztiak errepidea dira. Antzeko gisan, errepidea bezala, une batzuetan guztiz irekia sentitzen naiz, aukera eta maitasun guztietara zabalik. Ona sentitzen naiz, edonoren lagunik adiskideena, barrukoena, mamiena, minena, muinekoena. Poesia sentitzen naiz, bizitza egoerarik garbienean, xehetasun prosaiko trabagarri ororen gainetik. Beste hitz batzuekin esateko, modu autoironikoagoan: James Deanen begirada galduaren jabe. Guapoa eta guzti sentitzen naiz, barruko indarraren poderioz. Gezurrezko egoera izanik ere, ilusio hutsala, zirrara hori aberastasun handitzat daukat. Zer nintzateke, izan ere, hori gabe, horrekin ere ezer gutxi naizen hau?

 

* * *

 

        Justizia, onenean ere, bi injustizia edo gehiagoren arteko hautua izaten da.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus