2004ko apirilak 24

 

        Nahiko gustura ari naiz lanean, ondo moldatzen naiz lankideekin. Baina batzuetan inbidia diet futbol jokalariei, ez diru asko irabazten dutelako, taldearen aldeko beren ahalegina gorputzez, fisikoki, adierazteko duten aukeragatik baizik. Gorputza azken muturreraino behartuz eta bihurrituz errematatzen saiatu ondoren —gola sartu edo ez berdin dio, hori da gutxienekoa—, inertzia zoragarri batek darabil futbol jokalaria, airean noraezean lehenik, belar gainean kontrolik gabe bueltaka gero. Barruan zuen guztia eman du eta ez da jada bere buruaren jabe. Une horretan, fisikoki ere, ez da bere baitakoa.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus