2006ko martxoak 1

DESEGOKITUA

 

        Goiz batean, amets nahasi baten ondotik itzartzean, neure borondatearen baimenik gabe, ilunpean erdi-lotan goxo-goxo geratzeko nuen gogoari kontra eginda, ohe ondoko argi-giltza sakatzen ari nintzela jabetu nintzen. Ohean gelditu nahi nuen arren, ohetik altxatzen hasi nintzen. Zutik jarritakoan, gelako zorua pittin bat urrunago zegoela iruditu zitzaidan, garaiago banintz bezala. Ezagutzen ez nuen liburua ikusi nuen, gainera, gau-mahaian: Joseba Sarrionandiaren Ez gara geure baitakoak zegoen, bezperan Franz Kafkaren Metamorfosia utzitako lekuan.

        «Zer gertatu zait?», pentsatu nuen neure artean.

        Baina ez nengoen pentsamendu horretan sakontzeko egokierarik onenean. Esna nengoen baina, amets batzuetan gertatzen den bezala, gogoa guztiz arrotza zitzaion gorputzari. Gogoak gorputza geldiarazi nahian jarraitzen bazuen ere, ohetik altxatu berriaren ohiko mugimenduetan jarraitu nuen. Nahiz eta harrituta eta urduri egon, are izutzen ere hasia, ez nintzen sentimendu horiei zegokien jarrera hartzeko gauza, ez hitzetan eta ez aurpegiaren imintzioetan edo gorputzaren mugimenduetan, eta horrela oso zaila zitzaidan pentsamenduak ganoraz eta koherentziaz harilkatzea.

        Gurasoekin eta arrebarekin gosaldu nuen, lasaitasun eta normaltasun osoz itxuraz, egunero egiten nuen modu bertsuan. Baina gorputza guztiz bere kasa zebilen, automatikoki funtzionatzen ari zen, nire gogoarengandik guztiz independente. Horrelaxe egin nuen bizarra, horrelaxe dutxatu eta jantzi nintzen, horrelaxe joan lizeora. Neure gorputzak inolako azalpenik eman gabe bahiturik baninduka bezala.

        Ispiluek, egutegiek, egunkariek, irratiak eta telebistak, jendearen adierazpen eta jokabideek erakutsi zidaten, pausoz pauso, nire gorputza ni baino hiru urte aurrerago zegoela, eta nire gorputzarekin batera zegoela inguratzen gintuen mundua, nik oroitzen nuen aurreko gauetik egun hartara hiru urte pasatu balira bezala. Neu nintzen, beraz, ez jakin zeren ondorioz, ez jakin nola, atzean geratua. Lekuz eta denboraz kanpo nengoen, desegokitua, makinako engranajetik irtendako pieza baten antzera. Makinak, ordea, martxan jarraitzen zuen, egoki zebilen, alegia deus ez, bizirik, osorik, nire gorputz arroztua barne.

        Lehen egunetako izua gainditu eta gero, uste baino aiseago egokitu nintzen egoera berrira. Ezer egin ezin izateak erraztu eta azkartu egin zuen ohitzeko prozesua. Nire arazoaz pentsatzea eta irtenbideak bilatzea, neure buruari agindu niezaiokeen edozein ahalegin bezala, zeregin guztiz antzua zenez gero, neure gorputzarekin nuen menpekotasunezko loturari alderdirik onenetik begiratuta, hark ematen zizkidan une atseginenekin gozatzea bihurtu nuen nire ilusio handiena. Ezin nuen besterik egin.

        Nik neure gorputzaren mugimenduetan eta ekintzetan inolako eraginik ez izan arren, gorputzari gertatzen zitzaiona lehen bezain bizi eta neure sentitzen nuen, zuzen-zuzenean. Gozatu egiten nuen lo egitean (orduan ez nuen, gainera, igarri ere egiten desegokitua nengoela); gozatu egiten nuen jatean, edatean, masturbatzean; min ematen zidaten kolpeek eta zauriek, nekatu egiten ninduten korrikaldiek, estutu pixagale larriak.

        Neure gorputzetik kanpo gertatutako kontu guztiak, aldiz, urrunak zitzaizkidan. Etxekoen eta lizeoko adiskideen pozak eta minak ez zitzaizkidan axola. Ez behintzat haiekin batera benetako poza edo mina sentitzeko lain, nahiz eta gorputzak, egoki beti, poza edo mina adierazi. Nik, azken batean, telefilm bateko pertsonaien antzera ikusten nuen jendea, baita gertukoena ere, nire talaia arraro hartatik.

        Plazerik handiena masturbazioak ematen zidan. Berantetsita egoten nintzen, nire gorputza noiz bakartuko, eskuineko eskuak zakilari gupidarik gabe eragin ziezaion, azken eztanda zoragarrira arte.

        Zorionez, nahiko sarri masturbatzen nintzen. Horretarako adin egokian nengoen. Lehen baino pixka bat garaiagoa eta pixka bat gizonduagoa neukan gorputza. Hemezortzi urteko mutiko batena zen, izan ere; ez hamabost urteko mutil koxkor batena, aurreko bizialdian nire gogoari kasu egiten zion hura bezala.

        Baina berehala jabetu nintzen gainerakoan nire bizitza, edo nire gorputzarena zehatzago esateko, ez zela asko aldatu azken hiru urteetan. Betiko martxan jarraitzen genuen etxean, eta betiko lagunak nituen lizeoan, nahiz eta beste irakasle batzuk izan eta beste gai batzuk ikasi. Desegokitua esnatu nintzen lehen egunean, etxean nahiz kanpoan ikusitako ezerk ez ninduen ezustean harrapatu (nire gogoaren antzutasunetik eta nire gorputzaren erabateko independentziatik landa, jakina). Ezta hurrengo egunetan, asteetan eta hilabeteetan ere. Asko ziren aldaketak, baina txikiak denak. Funtsean, ezer ez zitzaidan erabat harrigarri, ezezagun edo arrotz. Dena iruditzen zitzaidan normala, logikoa, interesik gabea.

        Ainhoaren begirada izan ezik.

        Bakoitza bere aldetik, bai nire gorputza eta bai ni, biok ginduzkan txoratuta Ainhoak. Hark zerbait esaten zidan bakoitzean, ezkutuan gordetako mezu baten zantzuak igartzen nituen, oso zantzu arinak beti, nabarmenkeriarik batere gabekoak, zalantza piztaileak. Ahotsean ez bazen, begiradan; begiradan ez bazen, imintzioren batean; edo airean zintzilik bezala sentitzen zen ezusteko eta arrazoirik gabeko isilune arin batean bestela.

        Nire desegokitasunaren ondorioz, ezin nuen ezer egin Ainhoarengana gerturatzeko. Baina argi samar zegoen ez nuela ezer egin beharrik ere. Argi zegoen nire gorputza, bere kasa beti, nire borondatearen beharrik gabe baina nire borondatearekin guztiz bat eginda kasu hartan, Ainhoarengana gerturatzeko bidea egiten ari zela, poliki-poliki, guztiz arrotz eta ezezagun zitzaidan trebetasunez. Ez nekien non ikasia zen neskei gortea egiteko antzean erakusten ari nintzen tenplea eta eskarmentua, baina pozgarria zitzaidan.

        Ainhoa biluzik ikusi nahi nuen, Ainhoa laztandu nahi nuen, Ainhoari musu luzeak eta indartsuak eman nahi nizkion, Ainhoarekin larrutan egin nahi nuen, eta gero eta ziurrago nekien nire gorputzak une horiek emango zizkidala. Ondorioz, Ainhoa beste inor baino askoz gertukoagoa sentitzen nuen. Ainhoa ez zen niretzat, gainerako jendea bezala, interesik gabeko telefilm bateko pertsonaia.

        Desegokitasunaren mina gainditua nuela uste izatera iritsi nintzen: Ainhoarekin egoteko pozak bizi ninduen, eta gainera ez nuen dudaren edo damuaren beldur izateko motiborik. Horretan abantaila nuen elkarrekin ondo egokitutako gogo-gorputzen jabeen aldean.

        Mendi aldeko paraje bakartu batean jo genuen larrua lehen aldiz, bere autoaren barruan, Ainhoak eta biok. Zoragarria izan zen. Beste erremediorik ere ez eta, gorputzari nahi zuena egin zezan utzi nion, eta neuk nahiko nukeen huraxe egin zuen une oro, nahiz eta nire nahi ororekiko guztiz independente jarraitu beti. Ez dakit non ikasia zen, baina ederki asmatu zuen. Ainhoaren poza eta Ainhoaren plazera nire poza eta nire plazera izan ziren.

        Larru kontuak amaitu zirenean, ordea, bizialdi berrian egundo ezagutu dudan nahigabezko putzurik beltzenean murgilarazi ninduen nire gogoaren antzutasunak, nire gorputzaren arroztasunak, nire desegokitasunak.

        Uneari zegokion samurtasunarekin bat zetozen hitz egokiak irten ziren nire ahotik, Ainhoaren irri leunaren lagun. Baina hura ez zegoen ondo. Hura ezin zuen gorputzak gogoarengandik aparte bideratu. Eta bideratzen ari zen, egoki ere oso egoki gainera, egokitasun madarikazioraino iraingarriz. Gehiegi zen. Nire txanda behar zukeen, baina ez zen nire txanda. Eta orduantxe ulertu nuen, inoiz baino garbiago eta inoiz baino ziurrago, ez zela inoiz gehiago nire txanda izango. Inoiz ere ez.

        Etsi dut berriz ere. Laketu naiz beste behin. Minaren oilo-lurretik une jakin eta labur batzuetan baino irteten ez banaiz ere, atera dut burua behintzat nahigabearen leizerik sakonenetatik. Gorputzak ematen dizkidan plazeren aiduru eta irrikaz bizi naiz, eta onena opa diot nire gorputzari. Esker oneko natzaio.

        Askotan etortzen zait burura zein kontsolabide ederra eta zein aringarria litzatekeen hau guztia norbaiti kontatzea. Ezinezkoa da, baina esku artean boligrafoa eta papera hartzen ditudan bakoitzean, edo ordenagailu baten aurrean esertzen naizen orotan, istorio hau idatziko dudalako itxaropen oinarririk gabea pizten zait gogoaren barrurik barrukoenean.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus