1995eko apirilak 28

NORA OTE DOA?

 

        Apiril amaierako arratsalde lasaia da. Nor bere lanean murgilduta ikus ditzaket lankideak nire eserlekutik. Pantaila aurrean lanean batzuk, eserlekutik altxata besteak, komunera edo kafearen makinara joaten, liburukoteak edo egunkari eta aldizkariak kontsultatzen, zuzentzaileengana inguratu eta haiei galderak egiten... Telefonoaren txirrina entzuten da tarteka. Egunerokotasunaren magal abegikorra. Ez du inork gehiegizko larritasun edo estuasunik erakusten. Nekea bai, ageri da zenbait aurpegitan, eta egin beharrekoak lehenbailehen amaitu eta hemendik etxera ospa egiteko gogoa. Baina hori ez da ezer. Dena ondo dabil. Pieza bakoitza bere lanean ari da, eta makina erraldoia martxan da. Gezurra badirudi ere, mundu osoko berriak jasotzen, aukeratzen, ordenatzen, laburtzen, euskaratzen, zuzentzen, txukuntzen eta irakurleari zerbitzatzeko prestatzen ari da erredakzioa, bihar, publizitate eta guzti, dena behar bezala egon dadin kioskoan.

        Lehen orrialdea, Iritzia, Politika, Gizartea, Ekonomia, Estatuak, Nazioartea, Kirola, Kultura, Agenda, Azkena. Gauza bakoitza bere lekuan, txukun-txukun, dena argitasunez eta zehaztasunez azaldu eta interpretatua, ezeri ihes egiteko aukerarik eman gabe.

        Erredakzio barrura begiratzeari utzita, hosto ugari eta ederreko gaztainondo oparoa dakusat alboko leihotik zehar. Haren atzetik mendi bidexka itzaltsu eta ezkutua abiatzen da... Nora ote doa?

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus