1999ko uztailak 19

INON IZATEKOTAN

 

Inon izatekotan hemen naiz,

hitz aldrebes-nahi hauetan,

bizia iraintzeko saio hauetan,

poesian.

Gainerakoan ez naiz

izan beharrekoa baino,

ezinbeste huts.

 

Hau ere, alabaina,

itsuskeria munstrokara hau,

matxinada lirdingatsu hau,

poesia,

lehen uste ez nuen arren,

neuk hala nahi ez izan arren,

bizia da.

 

Zakar, aldrebes eta gaiztoena ere,

inon denik poesiarik pozoitsuena,

odol garbi barneratzen du

biziak bere zainetan.

 

Izatekotan heriotza dateke

biziaren aurkako borrokan

poesiaz haratagoko arma bakarra.

Baina hori ere hain du berea biziak!

 

* * *

 

        Poesia nia da; nia oihuka, orroka, oldarrean; nia biluzik, izan beharraren, ezinbestearen, historiaren, herriaren, familiaren, adiskideen, inguruaren arropak urratu eta erauzita; nia, poeta, gizakiarengandik aske.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus