1999ko maiatzak 20

ELKARTASUNA S.A.

 

«No one would remember the Good Samaritan if he'd only had good intentions. He had money too».

(«Ez zen inor samariar onaz oroituko asmo onak baino izan ez balitu. Dirua ere bazeukan»).

Margaret Thatcher

 

        Kale ertzean eskean ari zen mozkor itxurako agure herren bati dirua emateko gelditu nintzenean izandako burutazioekin hasi zen dena. Nik emango nizkion txanpon ziztrinekin errukarri hark deus gutxi aurreratuko zuela pentsatzeak tristatu egin ninduen. Orduan, eskaleari dirua eman barik, diru hura loterian jokatzea otu zitzaidan, saririk jasotzekotan irabazitako dirua behartsuen artean banatzeko gero. Horrek behintzat norbaiti benetako laguntza emango ziola pentsatu nuen, nik emandako txanponek eskale hari eman ziezaioketena ez bezalako laguntza, alegia. Ez zitzaidan saririk egokitu orduko hartan, baina handik aurrera egun hartako burubideari lotu nintzaion: eskaleei eman barik, loterian jokatu dirua, irabazirik izanez gero irabaziak behartsuen artean banatzeko. Argi zegoen txirotasunaren arazoari konponbidea bilatzeko ahaleginean askoz ere jokabide burutsuagoa zela hura, kalean aurkitutako eskaleei berehala edozein huskeriatan —ardotan kasurik gehienetan— xahutuko zuten diru pixar bat ematen jarraitzea baino.

        Halako batean, azkenik, sari handi bat egokitu zitzaidan eskaleentzat jokatu ohi nuen loterian, hamar familia behartsuren bizimodua zuzen-zuzenean eta behin betiko konpontzeko bestekoa bai gutxienez. Gaiari buruz sakon hausnartu ondoren, ordea, tristatu egin ninduen nire karitateak, azken batean, deus gutxi konpon zezakeela jabetzeak. Zer da, bada, hamar familiaren diru arazoen konponbidea txirotasunaren arazo latzaren aurrean? Adabaki ezin kaskarragoa baino ez, jakina.

        Horregatik, dirutza harekin enpresa batzuk sortzea erabaki nuen, diruari ahalik eta etekinik handiena atera nahirik, ez nire mesedetan, jakina, txirotasunaren arazoa konponbideratzen ahalegintzeko asmoan urrats handiagoak eman ahal izateko baizik. Diruak diruari dei egiten dio egungo gure gizarte honetan, eta behin diru kopuru jakin batzuetara helduz gero, zuhur eta trebe jokatzen jakinda, diruaren hazkundea handia eta azkarra izan daiteke, hazkunde esponentziala bilatzen saia daiteke, hazkunde zinez harrigarria. Dudarik gabe, horixe zen egin nezakeen onena, horixe zen behartsuentzat eskuratutako diruari eman niezaiokeen erabilerarik zintzo eta solidarioena.

        Negozio kontuetan aski iaioa naizenez, eta aholkulari onak ere bilatu ditudanez, hazkunde zinez handia izan du harrezkero nik behartsuentzat pilatutako kapitalak. Bitxia da, paradoxikoa: talde ezkertiar, ekologista eta antikapitalistak nire enpresen aurka agertu dira —isuri ustez toxikoak salatuz, soldata igoerak eskatuz eta gisa horretako beste kontu batzuei helduz—, kokurrentziaren legeari itzuri egiterik ez dagoela ohartu gabe eta —hori da mingarriena— nire benetako eta sakoneko motibazioa giza elkartasuna dela ahaztuta, nahita ahaztuta, jakina, ez oharkabean, talde horien etika aski badaezpadakoa izan ohi da-eta. Amets egitea ondo dago, oso polita da. Norberarentzat hain polita den hori, alabaina, besterentzat kaltegarri izan daiteke batzuetan. Bai kasu hauetan behintzat. Munduko txirotasunaren aurka eta justiziaren alde borrokatzeko, jokabide benetan praktiko eta eraginkorrak behar dira, ez norberaren burua ederresteko baino balio ez duten ameskeria antzuak. Ezkertiar, ekologista eta antikapitalista batzuek inozotasunez jokatzen dute horrela, baina haien buru egiten dutenek maltzurkeria doilorrez. Arriskutsuak dira oso.

        Batzuetan pentsatu izan dut heldua bide dela nik sortu eta kudeatutako enpresen irabaziak zuzen-zuzenean txirotasunaren konponbiderako erabiltzen hasteko tenorea. Baina ez litzateke, nire aldetik, jokabide zuzena izango nire gogoari men egitea beste kontu garrantzitsu batzuk aintzat hartu gabe. Ez zaio honelako kontuetan bihotza buruari gailendu behar. Eutsi egin behar zaie norberaren apetak gidatzen dituen tentazioei. Diru asko dirudi eskuetan dudanak; eta asko da, izan ere. Baina deus gutxi konponduko nuke oraindik ere nire kapital osoa behartsuen artean banatuz gero. Ez al litzateke negargarria egun handi batean txirotasunaren aurka erabili ahal izango den dirua etengabeko hazkunde esponentzial ikaragarrian biderkatzen ari diren enpresa batzuen emanari mugak jartzea? Ez negargarria bakarrik: krimen barkaezina! Itxitako enpresa horien lekua beste enpresa batzuek hartuko lukete orduan, eta enpresa horien jabeek eta kudeatzaileek berentzat hartuko lituzkete irabaziak, ez behartsuen arazoen konponbiderako. Kontzientziak ez lidake inola ere horrelakorik egiten utziko.

        Txirotasuna oso gaitz larria da, oso hedatua mundu osoan, eta gaitz horren agerpen guztien aurrean deus gutxi da oraindik ere nik kudeatutako enpresa guztietakoak batuz osatutako kapitala. Kapital hori hazten ahalegintzen jarraitu beharra dago, egunen batean dena erro-errotik konpondu ahal izango delako itxaropena gidari hartuta. Egia esan, etsia nago nik ezin izango dudala, tamalez, ezta ehun urte bizi izanda ere, kapital hori behartsuen artean banatzea zentzuzko eta zilegi izango den eguna ikusiko. Horregatik, enpresen kudeaketa nire oinordekoen eskuetan uzteko asmoa dut, haiek ere, nik bezala, munduko txirotasunaren aurka egin dezaketen guztia egin dezaten.

        Tristatu egiten nau munduko txirotasunaren arazoa erabat eta behin betiko gaindituko deneko eguna ezin izango dudala ezagutu eta ospatu pentsatzeak, baina ziur naiz helburu solidario horren alde egin dezakedan guztia egiten ari naizela, eta, niretzat, horrek ematen duen barne bakeak, sinets iezadazue, benetan diotsuet, mundu osoko aberastasun guztiak baino balio handiagoa du.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus