2005eko irailak 5

DENA LIBRE

 

        Telebistan futbol partida ikusten ari nintzela, emaztea etorri zait salara.

        — Telefonoa, Jose Martin, zuretzat: Arantzetako gaztetxeko kide bat.

        «Beste bolo bat», pentsatu dut neure artean, sofatik altxatu beharrak gogaituta. «Justu orain, Reala ondoen jokatzen ari denean, gol bat sartzeko zorian».

        Sorkunde du izena telefonoz deitu didan neskak, eta ume baten ahotsa ia-ia. Zinburretako gaztetxean gertatu zitzaidana ekarri dit gogora horrek: bolo baten ondoren Eiderrekin ligatu nuenekoa, 80ko hamarkadako gaztetxeetako giroa zoroki miresten zuen neska gazte batekin. Oroitzapen horrekin ilusionatuta itzuli naiz telefonotik telebista aurrera. Ohitura duen moduan, Realak zapuztu dit unea: ni telefonoz ari nintzen bitartean beste gol bat egin diote, atzelarien arteko gaizki-ulertu baten ondorioz.

 

        Sekulako pagotxa izan da niretzat Dena libre idaztea. Liburuaren milaka ale saltzeaz gain, hara eta hona ibiltzeko aukera eman dit, leku askotatik deitu baitidate, boloak egiteko, hots, liburuari buruz hitz egin, gaztetxearen garaiko kontuak berritu eta garai hartako diapositiba zaharrak erakusteko.

        Emazteak behin eta berriz esaten dit ezezkoa eman beharko niekeela behin eta betiko horrelako saioei; lotsatu egin beharko nindukeela daukadan adinarekin gaztetxeei, okupazioari eta autoerakuntzari buruz azalpenak ematen jarraitzeak. Ea non ikusi den horrelakorik. Baina nik ez dut utzi nahi.

        Gaztetxeetatik deitzen didatenean, kasurik gehienetan behintzat, ez da sosik izaten niretzat; asko jota, bidaia ordaintzeko lain. Baina kultur etxeetatik deitzen didatenean, nahiko ziurra izaten da dirua jasotzea. Eta, ondo pentsatuz gero, doako emanaldiak ere onuragarriak zaizkit, liburuaren salmentak sustatzeko balio dutenez gero. Gainera, kitzikatu egiten nau Zinburretakoaren antzeko beste abenturaren bat izateko arriskuak.

        Ez dut zertan lotsaturik. Inork ezin dit ezer leporatu. Gezurrik ez dut esaten jende aurreko nire agerpenetan. Zer asmo genituen azaltzen dut lehenik: gizartea herritik bertatik hasita aldatzearen kontu hori, behetik gora, hierarkiarik gabeko autoerakuntzaren bitartez, erabaki ahalmen osoa Asanbladari emanez, inoiz inorengan delegatu gabe... Udalak jarri zizkigun oztopoak aipatzen ditut gero, horri erantzuteko okupazioa nola antolatu eta egin genuen, desalojoak, okupazio gehiago, borroka giroa herrian...

        Ni han egon nintzen. Ez beti akaso, baina batzuetan bai behintzat. Diapositiba batzuetan agertzen naiz. Gaiztoen aldean, jakina. Edo oraingo ikuspegitik begiratuta —nire emanaldi horietan hala da, dudarik gabe—, zintzoen aldean; edo —hitz hori arraro samar geratzen denez testuinguru horretan— alde egokian behintzat, orduan egon behar zen lekuan.

        Badakit beste batzuek nik baino askoz gehiago eman zutela garai hartan gaztetxearen alde, autoerakuntzaren alde, gizarte justuago baten alde... Eta badakit ni beste batzuk baino gehiago aldendu naizela orduko ametsetatik eta borroketatik. Baina aizu: beste horiek ez dute Dena libre idatzi, eta nik bai; eta niri deitzen didate hura zer izan zen azaltzeko.

 

        Nahigabea besterik ez dakarkigu Realak azkenaldian. Jaitsierako postuetan dago berriro, gaur etxean galdu eta gero. Ez dakit ez ote litzatekeen hobe izango behingoz bigarren mailara jaistea, urtea joan eta urtea etorri beti kinka larri horretan penatzen ibili beharra baino.

        Eta gaur, gaueko txandan, Ortuosterekin egin behar dut lan. Ni ikusteko amorratzen egongo da kabroia! Egongo ez da ba Athleticek etxetik kanpo irabazi eta gero! Arraioa!

        Dena den, aitortu beharra dago ez dela mutil txarra Ortuoste. Bihotz handia dauka, beroa. Une larrietan lagunarengatik dena emateko prest izaten diren horietakoa da. Erakutsia dit behin baino gehiagotan, batez ere gure lanbidearen alderdirik zail eta gordinenean: kalean. Eta lanerako bezala, parrandarako ere lagun bikaina da: edozertarako kontaktu onak eta erabateko diskrezioa. Hari esker izan dut nik ezkutuko plazer askotarako sarbide eroso eta ziurra. Ez dut damurik. Behin baino ez gara bizi! Ez nion alferrik Dena libre izenburua jarri nire liburu ezagunenari, ezta?

        Ni bezala, gaztetxeen mobidetan ibili zen gaztetan Ortuoste; bere herrian, Arrikrutzetan. Ozen egin zuen barre kontatu nionean oraindik ere, Dena libre-ren aitzakian, gaztetxeari buruzko azalpenak ematen ibiltzen naizela herririk herri.

        — Horietako saio batean laneko uniformearekin agertu beharko huke —bota zidan, barreari ezin eutsita.

        Barre egin nuen nik ere, jakina, egoera irudikatuta. Baina harrezkero buelta asko eman dizkiot Ortuosteren burutazio horri.

        Horrek, ondo pentsatuta, beste dimentsio bat emango lieke nire boloei. Irabazi egingo lukete.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus