1999ko azaroak 6

NI GEHIAGO NAIZ

 

Ni gehiago naiz.

Begiratzen diozuen lekutik begiratuta,

ni gehiago naiz.

Nire tua urrunago heltzen da,

nire puzkerrak ozenagoak dira.

 

Ni gehiago naiz.

Ez da erraza nire mailara iristea.

Putzuak zapaltzean zipriztina indarrez

eta ezin zakarrago zabaltzen du nire autoak,

sistema anker asmatu berri baten bidez.

 

Ni gehiago naiz.

Ez duzue inoiz nire parera heltzerik izango.

Ezin dotoreago lurperatuak ditut hilak,

teleaparailu bana dute nire seme-alabek,

ikaragarri handiak dira nire prostituten titiak.

 

Ni gehiago naiz.

Eta, begiratzen diozuen lekutik begiratuta,

beti izango naiz gehiago.

Ozenagoak dira nire korrokadak,

urrunago heltzen da nire erraien kiratsa.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus