2005eko azaroak 11

 

        Goi mailako literatura, maisutasunez idatzitako liburua, idazle handia... Telebista ikusteko gogoa pizten duten topikoak.

 

* * *

 

        Zabaleko Joxe hil da.

        Zabaleko Joxe izan zen nik ezagutu nuen lehen baserritarra, eta harrezkero Zabaleko Joxe izan dut beti buruan, ohartuki edo oharkabean, baserritar bat ikusi edo aintzat hartu dudan bakoitzean. Zabaleko Joxeren ereduaren arabera moldatutako kopiak iruditzen zaizkit, eta irudituko beti, baserritar guztiak; baserri guztiak Zabaleren kopiak iruditzen zaizkidan bezala, herri guztiak Azkoitiaren kopiak, familia guztiak neurearen kopiak, etxe guztiak gure orduko etxearen kopiak, haur guztiak neu izan nintzen haurraren kopiak.

        Munduaren erdigunean erreferente garrantzitsua zen, beraz, Zabaleko Joxe, eta handia da utzi duen hutsunea.

        Gero eta ohituagoa nago horrelako hutsuneekin bizitzen, egia da. Ez naute, haurtzaroan edo nerabezaroan bezala, ikararaino harritzen eta durduzatzen. Lehen baino askoz errazagoa zait etsipenezko keinu leun labur baten ostean ohiko zereginetara itzultzea, alegia deus ez. Ez, ordea, galeraz ohartu gabe.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus