2004ko martxoak 17

HILOTZEZ BETETAKO ZORIONA

 

        Ez dakit zer burutaziok eraman ninduen martxoaren 2an nire koadernoan ohar hori idaztera: «Hilotzez betetako zoriona». Uste dut Morauren Txukalda disko berriko Gure zoriontasuna kantuko hitzen ondorio izan zela, neu konturatu gabe, ohartxo hura. Aho bizarrik gabeko hitzak Moraurenak!

        Egun batzuk geroago, martxoaren 6an, Euskal Herriko hainbat arazo politikoren inguruan hizketan, esaldi biribila bota zidan adiskide batek: «Estatua duk biolentzia egoera puru-puruan». Nork uka dezake hori?

        Martxoaren 11n, berriz, ondo gogoan izango duzuen moduan, hilotzez bete zen telebista.

        Ez dut martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen inguruan zentzuzko hitz askorik entzun harrezkero. Arnaldo Otegiren erreakzioa goraipatu dute askok, zorionak eman dizkiote; baina Otegik ere ez dio erantzunik eman egin behar litzaiokeen —eta inork egin ote dion ez dakidan— galderari: non dago muga? Zilegi bekit demagogia pixka bat (han eta hemen ikasia), galdera hau egiteko: pepita-saltzaile bat bere denda koxkorreko mostradore atzean tiroz josita zerraldo uztea, adibidez, asko jota, konpondu beharreko gatazka baten testuinguruan kokatu beharreko gertaera deitoragarria al da, pepita-saltzailea PPko zinegotzia baldin bada Zumarragan?

        Batzuen ikuspegitik begiratuta —eta ez guztiz logikarik gabe—, ez al da gutariko edozein —dela El Pozo del Tío Raimundokoa, dela Txakurzulokoa— ETAkide batentzat PPko zinegotzia izan daitekeena bezain garbigarria, mundu mailako esklabotasun globalizatuak aberastutako Mendebaldeko gizarte zapaltzaileko kide garenez, gizarte hori gure lanaren eta kontsumoaren bidez indartzen dugunez?

        Non dago muga? Zoritxarrez, Estatua da benetan mugak jartzeko ahalmena duen bakarra, ez alferrik baita «biolentzia egoera puru-puruan». Gertuko adibide bat jartzearren: nola egongo ote da Julen Atxurra artikulu honek argia ikusten duenean?

        Nik ere pena eta amorrua sentitu dut telebistako irudiei begira. Eta, aitor dezadan, beldurra ere bai: 2001eko irailaren 12an, leihotik aeroplano txiki bat ikusi eta etxearen kontra jotzera etorriko zela pentsatu ez nuen ba, pilotu suizida batek gidatuta!

        Baina gure zoriona lehenagotik zegoen hilotzez kartoletaraino beteta.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus