2003ko maiatzak 10

 

        Maiteen ditugun abestien edertasuna amaitu egin dela sentitzen dugu batzuetan. Abestirik urtsuenek ere, zokondorik gordeenak ere idorturik, galdu egiten dute, batzuetan, arte-ur miragarri guztia, baita ezkutuaren ezkutuz —sortzailearentzat guztiz ezezagun maiz— geuretzat ez besterentzat eta geuretzat betiko egina zirudien xurrut kutun hura ere. Etsipengarria da, bihotz-urragarria, unibertsoaz gaindiko zirrara bizi-pilpiraz betea eragin ziguna agorreraino ximeldurik ikustea, mugagabe uste genuenaren muga biluziekin ezustean aurrez aurre topo egitea. Une hori kantu bihurtzea beste biderik ez da izaten orduan. Barruan kantuaren indarra den artean.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus