1999ko apirilak 29

 

        Goiz batean, amets nahasi baten ondotik itzartzean, bat-batean, tunel batetik irtetean bezala, argi-argi, bizitza. Neurea. Aurreratua, jokatua eta erabakia neurri handi batean, egina, higatua, atzera-bueltarik gabe alferrik galdua, nola eta zergatik jakin gabe, inkontzienteki, arduragabeki. Zordun sentitzen naiz, neure bizitza neurekin zerikusirik ez izatera eraman izanaren errudun. Gregor Samsa daukat gogoan, haren larrimina. Zenbaki batzuk datoz gero gogora, jaio nintzen urtea eta gaurko data; toki izenak, etxe atari batzuk, muinoak eta hodeiak ortzaizean; lehengo nahiz oraingo gertuko jendearen aurpegiak, irri samur batzuk... Ez dut askorik behar izan neure burua errugabetzeko. Argi dago, bai, nekez asma nezakeen bizi izan naizen baino hobeto bizitzen... Neure barruko ilunpeetan gorde da berriro ni benetan naizen labezomorroa.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus