2003ko apirilak 17

ETXE HORIEK GUZTIAK

 

Etxe horiek guztiak

xume-xume

behetik gorantza

leiho txiki fluoreszentez

bata bestearen ondoan

ia zulo ilunik utzi gabe josiak.

Ama bat, aita bat, umeak...

poz, arazo, min, nahigabe

andana metro karratuko.

Maitasun ttiki hori guztia,

estu pilatua, miresten dut

ataritik gora begira,

urruneko tribuen

ohitura zaharrak,

ilbeterik biribilena

edo zerurik izartsuena

baino askoz gehiago.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus