1994ko azaroak 30

BONBA ETA KIRIKO

 

        Donostiarako autobusa abiatu berri zela, artean Azkoitiko kaleetatik irten gabe, Bonba eta Kiriko ikusi nituen leihatilatik zehar orain dela gutxi, ez dira bi hilabete ere izango. Beti bezala, makal-makal zebiltzan, presarik gabe. Beti bezala, Bonbak zeraman txatarra zaharrez zamatutako gurdia eskuekin helduta, irribarre zabala ezpainetan. Beti bezala, Kiriko Bonbaren aldamenean zihoan, kuzkurtuta, zigarroa eskuan.

        Azkoitiarrontzat beti hain arrunt eta ohikoa izan den irudi hari sentimendu berezi batez erreparatu nion orduan, oroiminez, Azkoititik kanpora bizi naizenetik gutxitan egin baitut topo Bonba eta Kirikorekin. Orain ez dut berriz bikote horrekin topo egiterik izango, ezta berriro Azkoitian bizitzen jartzen banaiz ere, Kiriko hil egin baita. Kirikoren heriotzaren berri eman zidan adiskideak esan zidanez, lur jota omen dago Bonba, urte askoan beti aldamenean izan duen laguna galdu duelako.

        Saminez jaso nuen Kirikoren heriotzaren berria. Galtzailea zenez —huraxe ba galtzailea, inon galtzailerik izatekotan!—, isilik joan da, hedabideetan oihartzunik izan gabe, baina zerbait hautsi zaigu bihotzean, kra!, azkoitiar guztioi Kiriko hil dela jakitearekin batera. Bonba eta Kirikoren irudia gure barruan baitago Azkoitiko edozein pertsonaia ilustre goraipaturena baino errotuago, hedabideak sekula iritsiko ez diren bazter gordean.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus