2005eko abuztuak 23

TXIKITAKO LAGUNIK ONENA

 

        Lontxo izan nuen lagunik onena txikitan. Lorenzo Abel Martin zuen izena; Larrañaga Zialtzeta lehen bi deiturak; familiaren izena Larrume, aita zenaren baserritik hartua. Etxepe berean bizi ginen, Azkoitian, Urrategirako bideko Etxe Iru-Arte etxean. Laugarren solairuan ezkerrean bera, Lontxo; bigarren solairuan eskuinean ni. Baina noiznahi ginen bata bestearenean. Elkarrekin joaten ginen egunero eskolara. Behin, ilunabar batean, etxe atarian, puxtarriekin jolasten haserretu eta gero, elkar joka hasi ginen, borrokan. Baina biharamunean ere elkarrekin joan ginen eskolara. Lotsa eman zigun elkartzeak, baina lotsa handiagoa emango zigukeen elkarrekin ez joateak.

        Lontxo eta biok lotsarik gabe egon gintezkeen biluzik elkarren aurrean, baina inoiz ere elkarri ipurdia ikusi gabe. Kontu hori, ipurdia ez ikustearena, idatzi gabeko legea zen, tabua, ez dakit nik nondik sortua. Behin, Lontxo kakaeginean ari zen bere etxeko komunean, atea zabalik utzita; eta ni, ate paretik, harekin lasaitasun osoz berriketan ari nintzen. Lontxo, ez dakit nola eta zergatik, estropezu egin eta aurrerantz erori zen. Orduan ni ate paretik kendu nintzen, Lontxoren ipurdia ez ikustearren. Hori da behintzat nik oroitzen dudana.

        Oso mutil bizia zen Lontxo. Futbolari ona; txikia, bizkorra, bihurria, iheskorra, atzemanezina. Telebistan edo egunkarietan Nihat ikusten dudanean, Lontxo dakarkit beti gogora. Beste kirol batzuei ere ez zien muzin egiten, eta biok batera bizikletan hara eta hona ibiltzeko ohitura hartu genuen bolada batean, Bergararaino, Mutrikuraino, Zarautzaino, Ordiziaraino...

        Neskatarako ere abilidade handia izan zuen oso gaztetatik. Bera izan zen gure koadrilan neska batekin ibiltzen hasi zen lehena. Oraindik ere ikusten ditut Maite eta Lontxo, elkarren ondoan Azkoitiko kale nagusian gora eta behera, eskutik helduta, igande arratsalde batean, bikote batek egoera horretan ibili behar duen baino askoz azkarrago ibiltzen, urduritasunaren eraginez. Baina kalean gora eta behera ibiltze hutsaz haratagoko bikote zereginak ere oso gazterik eta oso bizkor deskubritu zituen, beste batzuek baino askoz lehenago; nik baino askoz lehenago, esate baterako.

        Ez dakit zehatz-mehatz noiz, zenbat urterekin, baina poliki-poliki etengabe elkarren berri duten lagun min izateari utzi genion Lontxok eta biok, etxepe berean bizitzeari eta adiskide handiak izateari utzi gabe. Gure koadrilako beste kide bat izan zen ondorengo urte horietan Lontxoren lagunik minena: Kope.

        Futbola utzita, dantzari eman zizkion onenak Lontxok urte horietan. Azpeitiko Sahatsa taldean oso maitea izan zuten. Lontxok garai hartan izan zuen beste zaletasun handi bat rock musika izan zen. 70 eta 80ko hamarkadako rock musikako disko bilduma bikaina osatu zuen, eta David Bowie zuen gogokoena, kutunena. Gai horretan Kope zen koadrilako jakintsuena eta aurreratuena, eta zaletasun horretan bat egin zuten biek.

        Orain arte esan ditudan guztiak kontu jakinak dira Lontxo ezagutu zuen edonorentzat. Ez dut uste, ordea, horren kontu jakina denik Lontxok Benito Lertxundirenganako bolada batean izan zuen zaletasuna. Sahatsakoekin dantza egiten eta Koperekin rock musika entzuten hasi aurretik izan zen hori.

        Gure etxean, ez dakit nik nork ekarriak, Benito Lertxundiren hiru disko zeuden: Oro laño mee batek...; ...eta maita herria, üken dezadan plazera; eta Zuberoa / Askatasunaren semeei. 14 eta 15 bat urterekin disko haietako kantu guztiak buruz ikasteraino entzun genituen, gozamen eta mirespen handiz, Lontxok eta biok. Baita zubererazko hitzak zituztenak ere: Jaun baruak, Xori erresiñula, Ürzo lüma gris gaixoa, Maria Solt eta Kastero... Grazia handia egiten zigun Lehen floria kantuko azken ahapaldiko «gitian txosta kanberan» misteriotsu eta kitzikagarriak.

Zuberoa / Askatasunaren semeei disko bikoitza entzuten ari ginen biok, sala txikian, Jenaro Lekuona, Azkoitiko parrokiako erretorea, gure etxera etorri zenean. Gure aita zena, minbiziaren ondorioz, hilurren zen, eta hari azken olioak, edo erlijioaren bidezko nolabaiteko kontsolabidea behintzat, ematera etorria zen Jenaro. Sotanarik gabe ibili ohi zen. Apez gazte, moderno eta dotorea zen; oso gazte, oso moderno eta oso dotorea, Don Quintin, Don Joaquin, Don Anastasio eta herriko beste apez batzuekin konparatuz gero behintzat. 1978ko udazkena zen; 15 urte genituen, beraz, Lontxok eta biok, hark artean ere bete gabeak akaso, sanmartin egunekoa baitzen, azaroaren 11koa. Ez dakit kontziente izan nintzen orduko hartan erretorearen bisitaren motiboaz. Baietz uste dut, amak esana baitzidan ez zegoela aitarentzat esperantzarik, hil egingo zela.

        Gure aitarekin egon eta gero, musikak erakarrita, salara etorri zen erretorea, Lontxo eta biongana. Hark ere oso gustuko zituen Benito Lertxundiren diskoak, eta Orbaizetako olari buruzko bi kantuak jarrarazi zizkigun disko-jogailuan. Elkarrekin entzun genituen hirurok. Hunkidura biziz eta irmotasun arranditsuz lagundu zion erretoreak Benito Lertxundiri Jose Angel Irigarairen hitzak esaten: «Aezkoako mendietan / Auñamendiren magalean / Iratiko oihanaren itzalean / bihotzaren erdian / euri, elur eta laiño / laiño guztien artean / zegoen eta dago, / bakardadean / ixilean, lo / Orbaizetako ola...». Harrigarria eta zirraragarria izan zen hura Lontxo eta biontzat. Ez genuen asko espero Azkoitiko parrokiako erretoreak gure zaletasun musikal harekin bat egitea. Eta nola gainera!

        Koperekin batera, moto istripuan hil zen Lontxo, 1987ko urriaren 17an, 24 urte bete gabe artean. Nire txikitako lagunik minena izan zen. Orain hilda dago, eta pena ematen dit hartaz oroitzen dudan guztia, funtsean, testu labur honetan sartzen dela pentsatzeak.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus