2004ko urriak 19

 

        Goizaldeko hirurak dira eta esna nago, ohean bueltaka aritu ondoren jaiki eta ordenagailuaren aurrera etorrita. Beste batzuetan gertatu izan zaidan bezala, ohean loak ezin hartuta nengoela, mendi buelta batzuetan ezagututako lekuak etorri zaizkit burura, aspaldi ikusi ez ditudan leku zehatz batzuk; ez, itxuraz behintzat, bereziki ikusgarri edo enblematikoak: Santa Marinatik gertu dagoen baserri abandonatua, Aldaolasko bailaran; izena oroitzen ez dudan baseliza zaharra Listorretatik gertu, Aldura Txiki mendiaren magalean; behin baino ikusi ez dudan eta nolakoa den oroitzen ez dudan Kizkitza eta Izazpi arteko bideko gune zabal bat...

        Adiskide minen moduan oroitu ditut leku horiek eta beste asko: aspaldian ikusi gabeko adiskide abandonatuak. Estutu egin nau leku horietan oraintxe bertan egon ezinak, berriro leku horietan noiz eta nola izango naizen ez jakiteak. Ezin ordainduzko zor baten zama sentitu dut, ezintasun baten mina, galera baten zantzuak...

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus