2004ko ekainak 1

 

        Plazerak plazer, pozak poz eta bizitzaren ibilbidean zehar izaten ditugun garaipen txikiak gorabehera, azkenean, azken beltzean, azken beltz ezinbestekoan, beti heriotza dela garaile esan nion adiskide bati.

        Adiskideak, ordea, ziurtasun harrigarriz erantzun zidan ezetz, behin eta berriz ezinbesteko garaile irteten dena bizitza dela.

        Lehenik harritu eta ondoren hausnartu ostean, arrazoia zuela esan nion. Baina ez dut lortu arrazoia balu bezala bizitzea.

        Ez gara geure baitakoak, eta ederra da hala pentsatzea. Baina ez nau kontsolatzen neurea ez den bizitzak.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus