2002ko abenduak 2

 

        Orixek Orexari «munduaren ipurdia» deitu zion. Harritu egin ninduen hori irakurtzeak. Batetik, aipamen zabar eta prosaikoegia iruditu zitzaidan Orixerentzat, areago pertsonaia nagusi nor eta Lizardi duen poema batean; bestetik, pentsatu nuen leku asko direla Orexa baino «munduaren ipurdiago». Aizpurutxo etorri zitzaidan lehenik burura, baina hori ere aise gainditzeko moduko adibidea dela jabetu nintzen berehala. Errepiderik gabeko haran basa, malkartsu eta itxienetako errekazulorik ospelenetako zokondoetan nola hiri handienetako gunerik kosmopolitenetan, leku orotan duela, ongi miatu eta usainduz gero, ipurdia munduak, ia-ia ipurdi huts dela, azken batean, mundua osorik.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus