Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1990eko irailak 1

EZTA NAHITA ERE

 

1. Nolatan ez hau lotsak jan, Martin?

(Martin Zabalari gutun irekia bere azken liburua dela eta)

 

        Nolatan ez hau lotsak jan, Martin? Nolatan ez haiz konturatu erridikulua egiten ari haizela? Hire azken eleberriak ez duela argitaratzerik merezi, ezta inori irakurtzeko ematerik ere? Sutara bota eta amesgaizto baten moduan ahazten saiatzea, horixe zuan hik eleberri zakar, trakets eta zipotz hori idatzi ondoan egin beharreko lehenengo gauza; eta azkena ere, bakarra, alegia. Ez al hintzen konturatu horretaz? Ezta nahita ere ez likek inork idatziko hain eleberri txarrik. Bazirudik aldez aurretik ezer pentsatu gabe, bi ideia ziztrin ere lotzeko lanik hartu gabe, hitzaren atzetik hitza idazten hasi haizela eta halaxe segi ere harik eta ehungarren orrialdean nahikoa iritzi dioan arte. Bejondeiala, txo! Hara, edozeinek konta lezakek hirea baino istorio ederragorik, biziagorik, adierazkorragorik; idazten hastea asko likek edonork, ondo esan diat, edonork, analfabetoa ez den edonork behintzat. Adarra jo nahi al izan diguk? Ergelak ote gara ba? Zer uste duk hik: sinetsi egingo dugula bi urteko lan neketsuaren ondorena dela hire kaka mokordo kirasdun hau? Baita zera ere! Ederki jaioak gintuzkek, alajaina! Oraindik horrelakorik! Baina, baina, baina... nola daiteke, ordea, nola? Tira, tira, Martin, ez gaituk hi bezain lerdoak, eta hik baino askoz gehiago zakiagu literaturaz, motel, ez duk batere zaila eta. Benetan, neure onetik aterata naukak hire eleberri delako horrekin eta prentsako adierazpen harroputz lotsagabe horiekin. Zein arraio uste duk haizela ba? Eta zer tonto klase uste duk garela gu?

        Hara, eleberri gisa aurkeztu (eta argitaratu, alajaina!) duan testu puska ustel horrek ez dik ez hanka ez buru ez bihotz ez ezer. Kaka zahar hutsa! Kontatzen dituan istorioak sekulako tentelkeria, txaldankeria eta lerdokeria sinestezinak dituk, eta istorio ziztrin horiek «biltzen» dituen «eleberria» azkenean loturarik batere gabeko gertaera txepel zenbaiten pilaketa axolagabea besterik ez duk. Ez dik ezer iradokitzen, ez dik erreferentzia metaliterariorik batere, ez dik inolako teknika literario berezirik, ez dik gure inguruko errealitatea islatzen, eta gure ingurukoa ez denik ere ez, ez dik batasunik ere, ez dik ezer... Tira, ezer izatekotan ere, ondoriozko ikasbide merkea dik, guztiz erreakzionarioa gainera bera, atzeratua, atzerakoia, lerdoa eta ustela hori ere: pertsona normal eta esanekoak behar dugula izan, gure gaurko gizarte nahasi honi mesede egiteko prest ahal dugun neurrian. Horixe duk behintzat irakurleari hain aspergarri, gogaikarri eta gorrotagarri egiten zaion hire kontalari zozo horrek tarteka, bere burua hala pertsonaien nola irakurlearen gainetik jarrita, adierazten duena. Zintzoak izan eskubide guztiak zapaltzen dizkigun Estatu hurrupatzaile baten aurrean? Zintzoak izan gutxi batzuk aberats eta ondo bizitzeko muntatutako sistema oligarkiko tirano honen aurrean? Zintzoak izan eta kanpoko herri txiroen goseak eta bertako langile zapalduen lanak elikatutako sistema «demokratiko» itxurako honi gure onespena eskaini? Zintzoak izan, beraz, eta gizarteak markatutako bideak segi gainerakoak galarazita daudela onartuz? Zintzoak izan, alegia, eta gogoz kontra egin lana, gogoz kontra errespetatu handi-mandiak eta haien gehiegikeriak, gogoz kontra ezkondu, gogoz kontra ekarri haurrak mundura? Non uste duk bizi garela, Martin? Konturatzen al haiz nola funtzionatzen duen mundu honek? Ez. Ez haiz konturatzen, ezta hurrik eman ere. Eta ezta konturatu nahi ere, noski, horixe duk okerrena.

        Hizkeraren aldetik ere, guztiz pobrea duk hire «eleberri» delako hau, gramatika eta ortografiazko akats ugari izateaz aparte. Modu berean —gaizki alegia, bata bezain gaizki besteak— mintzo dituk pertsonaia guztiak eta kontalaria bera, eta edozein egoeratan gainera. Ulertu ere nekez ulertzen duk askotan adierazi nahi dena, edota ezta nekez ere: ezin inondik inora ulertu. Batzuetan kontu sinpleak adierazteko bortxaren bortxaz luzatutako esaldi amaiezinak ageri dituk, irakurleari haria galtzen laguntzeko primerakoak. Beste batzuetan, berriz, kontalaria motz geratzen dela zirudik, adierazi behar duena adierazteko ezgauza sentituz antzeko beste zerbait adieraztearekin etsitzera behartua bezala. Edo irakurlearekiko kidetasun erridikulu baten bila saio ergelak egiten hasten duk... Penagarria benetan!

        Esan bezala, ez hanka ez buru ez bihotz ez ezer. Ez eleberri ez ezer. Baliorik batere gabeko testu puska luzea, ezin hutsalagoa. Alferrikako lana duk hire eleberri delako hau irakurtzea. Neuk irakurri egin diat (oso-osorik, Martin, ez diat meritu makala horratik!) eta irakurketa amaitu bezain laster sentitu diat artikulu-gutun hau idazteko gogoa, edo premia, eleberri irakurleen onbeharrez, gaztigua izan dezaten, hire adierazpen hantusteek eta hire lagunek idatzitako aldeko kritika salduek atzipetuta horrelako liburu hutsal eta lerdoa erosten dirua eta irakurtzen denbora galdu baino lehen. Eta heuri ere, Martin, emango nikek pozik aholku bat, kasurik egingo ote duaneko itxaropenik batere banu: utzi ezak literatura, ez dakik eta hitz horrek zer esan nahi duen ere, utzi itzak behingoz idazteko kontu hauek, eta joan hadi Benidorm aldera eguzki pixka bat —edo puska bat— hartzera, bazaudek eta ondo antolatutako bidaia merkeak, hiretzako ezin aproposagoak.

Jon Koldo Lizarralde

 

2. Jon Koldo Lizarralderi erantzunez

 

        Nire ustez zuk artikulu-gutun deitzen duzun nire —eta nire eleberriaren— aurkako testuak ez du erantzun luzerik merezi; berez laburrik ere ez, baina isilik gelditu ezinak erantzutera behartu nau. Zeuk bertan idatzitako hitz gutxi batzuk gogorarazi besterik ez dizut egingo, apur batean gogoeta egin dezazun, horretarako gauza baldin bazara: «Ezta nahita ere ez likek inork idatziko hain eleberri txarrik». «Baliorik batere gabeko testu puska luzea, ezin hutsalagoa». Aztarna bat emango dizut zure gogoeta bideratzeko: neu ere horretan nago.

Martin Zabala

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus