1999ko martxoak 1

ERAKUSLEIHOEN INDARRA

 

        Etengabeko ekinzalea zen, neurriz kanpokoa, geldiezina, batetik bestera etengabe, saltsa guztietan leporaino sartuta, beti beste guztiei ere ekimen guztietan parte hartzeko adore ematen... Harik eta egun batean, ez dakit zehatz-mehatz zenbat urte zituela, manifestazio batean parte hartu ondoren beste mobida bateko bilerarako bidean, denda bateko erakusleihoan besaulki bati begira geratu zen arte. «Hau niretzako egina dago», esan zuen bere artean, konturatu ere egin gabe, ez zekien zergatik. Egun hartaz geroztik, hantxe eserita ematen du eguna, irakurtzen, telebistari begira eta erdi lotan.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus