Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1993ko abenduak 12

HAURRA ITSASORANTZ

 

Wim Wendersen Alice in den Städten filma gogoan

 

        Ama etxe atarian dago, aulkitxo batean eserita, jertsea josten hari lodiz. Haurra jolasean dabil batetik bestera. Kolore askotako baloi bati ostikoa jo eta haren atzetik abiatzen da behin eta berriz. Behelaino mehe batek inguratzen du etxe ataria, eta inguru osoa amets giroan lausotzen.

        Ostiko handiegia jo dio haurrak kolore askotako baloiari, eta baloiak aurreko pendizean behera amildu eta haurraren bistatik alde egin du. Haurrak amari begiratu dio lehenbizi. Amak jertse lodia josten segitzen du, ezertaz ohartu gabe. Haurra pendizean behera abiatu da baloiaren bila.

        Behean lats meharra ikusi du. Baloiaren arrastorik ez ordea. Egarri da. Ura edan du. Inguruetara begiratu eta baloia ikusi du, pixka bat aurrerago, makal baten ondoan.

        Baloiaren bila abiatu eta txori herrena ikusi du makalaren inguruan. Txoriaren atzetik abiatu eta harrapatzen saiatu da. Jauzi handia egin du makalaren atzean, baina txoriak, haurrak uste baino bizkorragoa izaki, ihes egin dio. Haurra lurrean erorita geratu da jauziaren ondoren.

        Lurrean dagoela, forma irregularreko harri zahar beltzez egindako zubi txikia ikusi du errekaren beheko aldean, begi bakarreko zubi zaharkitu eta iluna, atxikitako goroldioz eta sasi hezez josia. Zubirantz egin du. Zubi gainetik errekako urari begira geratu da une batez.

        Errekan behera etxola txikia ikusten da, harriz eta zurez egina. Etxolaren ondoan burdinazko gurpil herdoildua dago, errekak bere aurrean egiten duen ur-jauzi txikiak mugitzen duena. Hura gertutik ikusi nahirik, bertara jo du haurrak.

        Etxolaren atzealdean ere begiratu du, eta hondeamakina ikusi du lanean, mendiko bideak zabaltzeko lurra kentzen. Hondeamakina horiak kentzen duen lurra laranja koloreko kamioi handi batek jasotzen du atzean horretarako duen gurdi zabalean. Lurrezko mendi bide zabala ikusten da, hondeamakina eta kamioia lanean ari diren tokitik behera. Kamioiaren gurpilen arrastoak aise igartzen dira mendi bideko lokatzetan marraztuak.

        Hondeamakinaren eta kamioiaren inguruan buelta eman eta mendi bideari begira geratu da. Bihurguneak ikusten dira behealdean, eta, izei arteko lasterbidea hartuta, harantz abiatu da.

        Lehen goian zegoen laranja koloreko kamioia jaisten ikusi du, hondeamakina horiak harrotutako lurra jasotzeko gurdia hutsik dakarren laranja koloreko beste kamioi batekin gurutzatzen. Bata goitik behera, behetik gora bestea. Haurrak beherantz segitu du ibiltari.

        Ibili eta ibili, erreka zabal batek aldenik alde zeharkatzen duen auzo txiki batera iritsi da. Eliza da auzoko etxerik handiena. Arratsaldeko seiak markatzen dituen erloju handia ageri da elizako ezkildorrean. Herri txikian ez da inor ikusten. Eliza aurrean iturritxoa dago. Haurra egarri da. Ura edan du.

        Kresal usaina heldu zaio nonbaitetik. Herri txikiko bazterrak miatzen hasi da, urrin hori nondik datorren jakin nahian. Herritik irten eta bidexka bat hartu du. Lasterka hasi da, itsasoa ikusteko presa balu bezala. Galduta dago ordea; batera eta bestera jotzen du bide egokia ezin aurkituta. Azkenean, ia-ia oharkabean, hondartza txiki bat aurkitu du, itsasoak leundutako harkaitz biribilez apaindua. Euria hasi du, lanbro xehe-xehea.

        Itsasoari begira geratu da haurra, lanbrotan bildua. Urrunean kokatu du begirada, itsasoak ortziarekin topo egiten dueneko marran. Iluntzen hasi da.

        Amaz oroitu da.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus