2004ko abuztuak 17

 

        Kezka batetik bestera bizi naiz, ezinbestean. Normala den moduan, ez ditut kezka larriegiak maite; eta ezinean eta munduarekin haserre sentitzen naiz kezkak pilatzen zaizkidanean. Baina inoiz kezkarik gabe geratuz gero berehala bilatzen dut bat, kezkarik gabe ez baitakit bizitzen, kezkarik gabe nekez baitu benetako funtsik nire bizipozak.

        Kezka batzuk oso atseginak zaizkit; bakarra eta menpekoa dudanean sentitu ohi naiz lasai, gustura, munduarekin bakean. Baina batzuetan, zergatik ez dakidala, horrela sentitzeak berak ere kezkatu egiten nau.

        Kezkei neurria hartzea da —geure esku dagoen neurrian behintzat—, ondo sentitzeko dugun biderik egokiena. Baina bihurria da, atzematen zinez gaitza, bizi gaituzten kezken atarramentua.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus