2003ko maiatzak 17

 

        Zubi gainetik autobideari begira nago. Neu ere horietako bat naiz orain. Txofer bat. Ez nintzena bihurtu naiz. Orain badakit nola sartzen duten enbragea, nola betetzen duten gasolina andela, nola bideratzen duten autoa pausoz pauso nahi duten lekura. Lehen autoei bide ertzetik harriduraz begira sentitzen nuen arroztasun xalo hura galdu dut, askatasun eremu bat galtzen den bezala. Gure gizartean, ezerk ere ez du ematen ezer ez izateak ematen duenaren adinako askatasunik. Eta auto baten jabe ez izatea eta autorik ez gidatzea laguntza funtsezkoa da ezer ez izateko bidean.

 

* * *

 

        Leku natural eta eder bat etsai bihurtzen zaizu, neurri batean behintzat, hura aldez edo moldez zeure egiten duzunean; edo beste inork bere, noski.

        Pertsonekin ere gertatzen da, natural eta eder iruditzen zaizkigunekin behintzat.

        Itxuragabekeria iruditzen zait «jardin eder bat edukitzea». Leku natural eta ederrak edonorentzat eta noiznahi hortxe natural eta eder daudelako dira natural eta eder. Niri, bestela, ezin zait leku bat natural eta eder iruditu; oroitzapen onen gordeleku edo tomate eta piper goxoen sorleku izan daiteke, asko jota, onenean ere.

        Pertsonei dagokienez, akaso baldintzatuagoa nauka kulturak, baina funtsean, berdin beharko lukeela uste dut.

 

* * *

 

        Idazle gisa, oso erakargarria zait ezer ez izateak ematen duen askatasuna. Ezer ez izate hori sublimatu eta literatura bihurtzeko, jakina; hots, ezer ez izatea zerbait bihurtzeko. Kontraesana? Traizioa? Akaso. Krimen bat ez behintzat. Gainera, uste dut zarata handiegirik gabe egiten saiatzen naizela.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus