Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1989ko abuztuak 11

 

        Batzuetan inbidia izaten diet zoroei. Zoroek ez dute erantzukizunik. Utzita dute erabat beren buruen gobernua, beren norabidearen lema. Bost piper axola zaie dena. Etsita bizi dira, ezeren kezkarik gabe. Tarteka era horretan etsitzeko gogoak izaten ditut.

        Agian ez da ezinezkoa bizimodu honi oreka bat aurkitu eta lasai bizitzea, inoiz ere zoroekiko inbidiarik sentitu gabe. Erreka garbi baten iragatearen antzekoa litzateke bizimodu orekatu hori, izadiarekin bat egina eta kultura jakin bateko arauen barruan txertatua, eguneroko bizitze hutsari lotuta besterik gabe, izate hutsari.

        Bada oraindik horrela bizi denik ere, baina nik —edo guk— ezinezkoa dut —dugu— horrela bizitzea. Behin era honetako gogoetetaraino iritsi denak ez du atzera egiterik.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus