Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1994ko otsailak 20

 

        Gogoan dut txikitan, bizitzari aurre egitea hain zaila iruditzen zitzaidanean, munduari eta bere osagai guztiei nien beldur neurrigabe hura guztiz sendaezintzat nuenean, inoiz besteak bezalakoa izan eta gutxiago ez sentitzera iritsi ahal izango nintzenik sinestea guztiz ezinezkoa zitzaidanean, inoiz niregandik espero zenaren laurdenik emateko gauza ere ez nintzela izango pentsatzen nuenean, gogoan dut orduan, txikitan, harritu egiten ninduela nire ahalke abisal, patologiko eta gogo-elbarritzaile hari buruzko erreferentziarik batere ez aurkitzea inon, ez telebistan, ez egunkarietan, ez irratian, ez liburuetan, ezta alboko inoren jardunean ere. Horretaz mintzatuko zen zerbait edo norbaiten premia nuen baina ezin antzekorik inon sumatu.

        Gaur egun, berriz, horretarako aukera eskuan izan arren, ez dut gaitz hartaz jarduteko asmorik edo gogorik, eta jokabide hori oso bidezkoa ez dela pentsatzen dut batzuetan: egia da, bai, apurka-apurka, urteetan, gainditzen ari naizela gaitza, erabat sendatu ez banaiz ere onera egin dudala, askoz ere itxura hobea erakuts dezakedala edonoren aurrean. Baina ez ote nieke nire elkartasuna agertu behar nik pairatu nuena pairatzen ari diren neska eta mutil koxkorrei, edota urteetan aurrera egin arren gaitzari gain hartzerik izan ez duten herabe erremediorik gabekoei?

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus