2003ko abenduak 18

MAITASUNA MENDIAN GORA

 

        Bi urte generaman Lola eta biok elkarrekin, eta oso gustukoa genuen oporretan bidaiatu eta bazterrak ezagutzea. Oporraldi haietako azken eguna genuen, eta bertakoek Maitasuna deitzen zioten mendia igotzeko baliatu nahi izan nuen nik egun hura. Lolak ez zuen oso gogoko izan nire asmoa, ez baitzen oso mendizalea, baina aise etsi zuen esan nionean mendiak bost kilometroko igoera leuna baino ez zuela eskatzen.

        Maitasuna mendiaren magalera iritsitakoan jakin genuen gailurrera eramaten zuen kamio estu baina egokia zegoela goraino; aukera genuen, beraz, Maitasuna mendira autoan igotzeko. Zerua goibel zegoela eta hobe genuela autoz igo esan zidan Lolak, baina oinez abiatu ginen hala ere. Autoan igotzea mendiari eta bere izenari irain egitea izango zelako ideia ergela erne zitzaidan barruan, eta tematu egin nintzen.

        Kilometro eta erdi inguru ibilia genuelarik, euria hasi zuen, aurretik espero zitekeena baino indar handiagoz hasi ere. Ez oso aspaldi pneumonia baten ondorioz gorriak ikusi zituela ekarri zuen gogora Lolak, abiapuntura jaitsi eta mendira igotzeko autoa hartzeko proposamenari indarra emateko. Nik, ordea, aurrera egin nahi nuen, eta esan nion ez genuela arriskurik, asko jota ere bi orduren buruan hotelean egongo ginela.

        Gero eta zakarragoa egin zen eztabaida. Bidearen erdi aldean edo geundela, abiapuntutik nahiz gailurretik bi kilometro eta erdira, Lolak, haserre, behera egitea erabaki zuen. Nik gora jarraitu nuen, lasterka tarte batzuetan, eta ez nuen gero gailurrean ere egonaldi luzerik egin. Ez nengoen lasai, ez nengoen gustura.

        Beherakoan, Lolak buelta hartzea erabaki zuen lekura iristear nintzela, neurearen oso antzeko auto bat ikusi nuen behetik gora igotzen. Harri eta zur, neurea zela jabetu nintzen, eta eskuineko aulkian Lola zetorrela. Kolperik handiena txoferra nor zen ikustean hartu nuen hala ere: neu, edo neure guztiz antzeko norbait bestela. Mugitzeko gauza ez nintzela geratu nintzen autoari zein autokoei begira. Lasai eta pozik ziruditen, zoriontsu, eta niregan erreparatu gabe egin zuten aurrera, une labur batez Lolak niri begiratu zidala iruditu zitzaidan arren.

        Autoa begien bistatik galdu eta gero ere kostatu zitzaidan erreakzionatzea. Behera egin nuen, baina mantso, ordura arteko presak alde batera utzita. Atzetik, goitik beherako bidean, auto bat zetorrela entzuten nuen bakoitzean, atzera begiratzen nuen, ea nirea zen.

        Ibilaldiaren abiapuntura iritsi nintzenean, lehen utzitako leku berean aurkitu nuen autoa, eta barruan Lola zegoen, arropak aldatuta. Irri egin, besarkatu eta musu eman zidan, eta baita barkamena eskatu ere, horren egoskorra izateagatik. Nik esan nion neu nintzela barkamena eskatu beharrean zegoena, nire egoskorkeria askoz ere baldarragoa, gaiztoagoa eta egoistagoa zelako berea baino.

        Beste bi urtez ibili ginen elkarrekin Lola eta biok. Haserre nahiz min handirik gabe banandu ginen gero. Berak bezala, nik ere ezagutuak ditut, bai lehendik eta bai harrezkero, maitaide hobeak. Berak bezala, nik ere biziak ditut gu bion artekoa baino amodio sutsuagoak, sendoagoak eta iraunkorragoak. Hala ere, samurtasun handi batek estutzen dit barrua autoan Maitasuna mendian gora zihoan bikote haren irudia gogoratzen dudan aldiro.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus