2005eko maiatzak 22

 

        Txukundu egin behar dut nire bizitza; zoruei lanbasa pasatu, altzariei hautsa kendu, leihoetako kristalak gardendu, komuna lixibaz igurtzi. Garbigailuan sartu behar ditut nire bizitzaren galtzontzilo, galtzerdi eta barruko elastiko zikinak. Tipula, azenario eta piper berde xehatuak jarri behar ditut nire bizitzarekin batera egosten eltzean. Txukundu eta hornitu egin behar dut nire bizitza, abegikor bihurtu, ahaideei, adiskideei, maitaleei, besteei harrera egiteko. Eskaini egin behar dut nire bizitza, partekatu, bestela ez baita bizitza izatera ere iritsiko.

        Kemena falta zait, ordea, benetako ilusioa, hori guztia fedez eta ganoraz egiteko. Alfergura existentzialak deuseztatzen nau, etsipen gozoan laketua.

        Ondo sentitzeko, funtsezkoak ditut harreman afektiboak: familia eta ahaideak, lagunak eta adiskideak, amodioa eta sexua... Baina hori guztia ez dut nire bizitzaren mami eta ardatz egiten. Ikara ere eragiten dit aitortzeak, baina neure buruarekin ondo sentitzeko tresna edo bitarteko dira harreman horiek guztiak, ez benetako helburu. Benetan gustura, benetan neu, bakarrik nagoenean sentitzen naiz. Neure artean.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus