2003ko abuztuak 30

 

        Nire maitasuna tristea da, geldoa, indar eskasekoa, txinpartarik gabekoa, aspaldi zabaldu eta harrezkero tapoirik gabe utzitako botilako gaseosa bezain malenkoniatsua.

        Askotan uste izan dut, edo uste nahi izan gutxienez, izan daitezkeen maitasun modu ugarien arteko beste bat baino ez dela nirea, txinparta biziagoko maitasun moduak bezain emankorra, azken batean, maite ditudanentzat; besteak baino pobreagoa adierazkortasunik gabeko bere hoztasun grisagatik, baina besteak baino aberatsagoa afektaziorik gabeko bere biluztasun zintzoagatik.

        Neure maitasuna bera bezain txepela izan da beti, ordea, uste horri diodan fedea.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus