2002ko urriak 6

 

        Egun batez, aspaldi, aurrerantzean ez nuela sekula denbora gehiagorik alferrik galduko erabaki nuen, horrela zerbait handia egitera edo, areago, zerbait handia izatera helduko nintzela sinetsita.

        Geroago, denborarekin haserre bizitzeak eragiten dituen kalte latzez ohartuta, ustez baliogabetu egin nuen neure buruari behiala emaniko agindu hura. Baina bizirik dirau auto-aginduak, suntsiezin, neure barrunberik sakonenetan, hasierako une hartatik beretik geroko damu ororen aurka blindatu banu bezala.

        Eta ez naiz denborarekin adiskidetu.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus