1998ko irailak 21

EGOSKORRA ZEN

 

        Egoskorra zen. Ez zuen hasitakoa amaitu arteko onik izaten. Bolada luzea zeraman etxetik irten gabe, han bizilagun zituen intsektuen bizitzaren xehetasunen ikerketa sakonean buru-belarri murgildua. Telefonoz deitu eta gehiago irten behar zuela esaten zioten behin eta berriz hirian zituen ahaide eta adiskide apurrek, «kalean ibili», «paseatu», «egurastu»... Amorrarazi egin zuten azkenerako. Goiz batez, gosaldu ere egin gabe, dotore jantzi, etxetik irten eta kalez kale ibiltzeari ekin zion, norabide jakinik gabe, serio eta kopetilun. Amorruaren amorruz, egoskor, ez zuen gelditu nahi izan, eta hirian zehar bueltaka jarraitzen du oraindik ere etengabe. Egurasten.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus