2004ko otsailak 16

 

        Bizitza baldin bada ondasunik handiena, bizitza osoki hurkoaren aldeko ongintzari eskaini nahi dionak pentsa dezake, bizitzaren aldeko jarrera muturreraino eramanez, mundura ahalik eta pertsona gehien ekartzea lehenetsi behar duela, aurretik etorriak garenon onurari, plazerari eta zorionari eskainitako lanak eta nekeak baztertuta horretarako; bere onurari, plazerari eta zorionari eskainitakoak barne, jakina.

        Munduan izan diren iraultzaile eta misiolari handi eta sakrifikatuenen gainetik kokatuko litzateke, ikuspuntu horretatik begiratuta, jokabide horri zintzotasunez eta bere gorputzaren azken aukeretarainoko ahaleginez lotutakoa. Ez litzateke funts logikorik gabea sinestunak xede horretara mugarik gabeko suhartasunez bultzatuko lituzkeen erlijioa; ondoriozko ezintasun eta oinaze guztiak egonarriz, etsipenez eta irmotasun estoikoz eramaten lagunduko lukeen fedea.

        Ez dut, hala ere, sekula horrelako konturik entzun edo irakurri, ezta film edo nobela bateko planteamendu gisa ere. Harrigarria da.

        Jose Saramagok, esaterako, nobela ederra idatziko zukeen, berari bururatu balitzaio.

 

* * *

 

TELE-ZABORRA ASKATASUNA DA

 

        Azken hilabeteetan utzi egin diot ezkertiar eta progre izateari. Orain ez naiz koherentea, ez dut koherente izan beharrik sentitzen. A zer arindua!

        Lana egiten dut, diruagatik, ez naizelako aberatsa eta beste erremediorik ez dudalako. Baina orain lanetik kanpoko orduak moralik eta betebeharrik gabekoak ditut guztiz. Libreak!

        Horregatik orain, duela bospasei hilabete ez bezala, telebista daukat etxean, eta kezkarik, beldurrik eta erruduntasun sentimendurik txikiena ere gabe ematen ditut orduak haren aurrean, zoriontsu. Gaueko ordu txikietan batez ere, lerdokeriaren neurriak gora egiten duenean. Orgasmoetan bezala izaten da: uneak harrapatzen zaituenean, inoizko gorenera iritsi zarelako irudipena duzu, laino guztien gainetik, muga guztietatik haratago, gaindiezinezko puntu ezin goitarragoraino.

        Nahi dutena esango dute, baina tele-zaborra deitzen duten hori oso eskergarria da, oso aberasgarria, eta batez ere laguntza handia ikuslearen barne-oreka psikologikorako. Ni behintzat asko lasaitzen nau mundu honi —hain injustua, hain desorekatua, hain gordina, hain ankerra, nahi duzuen guztia...— telebistaren leihotik begiratzeak.

        Ez baitago tele-zaborra deitzen duten horretan agertzen diren lerdo horiek guztiak batera beren miseriarik lohienak haizatzen ikustea bezalakorik norberaren burua betebehar moralaren alferrikako zama astun eta absurdutik askatzeko. Horienak ikusi ondoren, zer dira ba norberaren miseria guztiz xume, arrunt, inozoak? Txikikeriak, umekeriak, deus ez. Eta areago: lerdoago izateko gogoa pizten zaizu. Ez da erraza, baina horiek guztiak bezain lerdoa eta higuingarria banintz, zer? Hobe! Baliatu! Atera zukua eta segi aurrera! Zergatik ez ba? Nor demontrek eta zer arraioren izenean jarri behar dizkit ba mugak?

        Gustura oheratu ohi naiz, lasai, irri zabalez. Lehen, ezkertiarra eta progrea nintzenean, ia-ia intelektuala, Krimena eta zigorra eta horrelakoak irakurtzen nituen. Orain tele-zaborra ikusten dut. Ez dago kolorerik! Tele-zaborra Dostoievski baino askoz ere eraginkorragoa da. Tele-zaborrak askoz libreago egiten nau. Tele-zaborra askatasuna da.

 

* * *

 

        Kirolariaren benetako poza irabaztea da, ez behiala irabazi izana, hain gutxi garaikurra. Gisa berean, idazlearen benetako poza idaztea da, ez behiala idatzi izana, hain gutxi testua. Funtsean, idatzitakoak ez baitu ezertarako balio, garaikurrak ere ezertarako balio ez duen bezala. Orobat, ezertarako balio gabeak dira behiala idatzi edo irabazi izana ere. Behiala maite izana edo maitatua izana bezalaxe.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus