2001eko ekainak 16

POEMA HERMETIKOA

 

Ez duzu ba pentsatuko

nire poema bat ulertzeko

gauza izango zarenik?

Alajaina!

 

Zer uste duzu zuk ordea?

Zer uste duzu naizela?

Zer uste duzu zarela?

Zer uste duzu dela poesia?

 

Neure buruari barkatzen ez diodana,

nori eta zuri barkatu?

Non eta poesian?

Ederki eman ere!

 

Zergatik eta nire poesia

ulertzen ez duzulako?

Zer gara ba?

Baina, baina... pentsatzea ere!

 

Zer da ba poesia,

horrela hankapera dezagun?

Edo da edo ez da,

baina erdi-biderik ez du.

 

Inork ez du inoiz

zuk ulertzeko moduko poemarik idatziko.

Ezinezkoa litzateke,

inon direnak eginik gogotik ahaleginduagatik ere.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus