2005eko urriak 10

 

        Presarik gabeko isiltasuna, denborarik gabeko egonaldia zuhaitz zaharraren jakinduriaren azpian, etorkizunik gabeko laztan trukeak errekaren murmurioaren ertzean... Ederrak dira kontu horiek, maite ditut, jakina. Baina berehala naiz, arinegi akaso, isilaz ase, zarata bila, presa gose, arrangura gordinen premian, egon gozoaren zoriontasunean inola ere errenditu ezinda.

 

* * *

 

        Erraz hiltzen dira Errezilen amuarrainak amuari amore emanda. Bai Granada jatetxearen atzealdeko putzuetan behintzat.

        Ba ote da munduan amuarraina baino izaki madarikatu eta gupidagarriagorik? Izenean darama, gorputzean hezurrak bezain erauziezin txertatua, hilko duen armaren marka.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus