2005eko uztailak 29

AUTOSUNTSIKETARAKO LIBURUA

 

        Autolaguntzarako liburu gero eta ugariagoen arrakasta iraingarriaz nazka-nazka eginda, erraietatik sortutako aurkako erreakzio moduan, Autosuntsiketarako liburua idaztea erabaki zuen. Gauzen alderdi onenei begiratzen ahalegindu ordez, izaeraren absurduari zuzenean erreparatzea proposatuko zuen; gauza txikien edertasun xumean babesa bilatu ordez, gorrotoaren pozoia izatearen alderdirik ñimiño eta ezdeusetaraino zabaltzea, horretarako dauden arrazoi guztiz logiko eta ukaezin ugariak banan-banan eta gupidarik gabe aletuz.

        Etsi egin zuen, ordea, berak buruan zeukan hura, ibili-ibili eginda, autolaguntzarako beste liburu bat gehiago baino ez zela izango jabeturik, azalez bakarrik bestelakoa.

        «Azken batean», pentsatu zuen bere artean, «Cioran, Pizarnik edo Bernharden liburuek, esate baterako, autosuntsiketarako liburu sendoak izanagatik ere, sekula ez dute aurretik suntsituta inguratzen ez zitzaien inor suntsitu. Eta, aitzitik, lagungarri gertatu dira jende askorentzat; lagungarri gertatu zaizkigu irakurle askori».

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus