Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1991ko urtarrilak 12

 

        Ostiral eta larunbat gauetan, festa egunetan, kalera irten eta kalean parranda egitea sekulako borroka da. Arauak ezagutzea komeni da, egoerari dagokion jokaera egokiena asmatu eta horrela «ondo pasatzeko», horixe baita joko honetako irabazleen saririk preziatuena. Ni neu oso jokalari txarra izan naiz beti —joko honetarako bezala beste askotarako ere—, baina oso ikuskari eder eta interesgarria iruditu izan zait beti, bestalde. Jokoz kanpo gelditu eta jokalarien trikimailuak begiratzea gustatzen zait, nola eskatzen dituzten edariak, nola pizten dituzten zigarroak, nola begiratzen dioten elkarri berriketan ari diren bitartean, nola ateratzen duten dirua sakelatik tabernako zerbitzariari ordaintzerakoan...

        Oso ederra da jokalaririk onenei erreparatzea, beren teknika fina eta beren lasaitasuna eta tenplea mirestea, egoera zailei aurre egiteko duten trebetasun sinesgaitza. Neure antzeko jokalaririk apal eta kaxkarrenei errukizko begiradak eskaintzen dizkiet, eta elkartasuna adierazteko gogoak sentitzen ditut, saiatzen segi dezaten adore emateko gogoa, edo aholku zintzoa ematekoa bestela: joko hau utzi eta bizitzak eskaintzen dituen beste joko ugarietako bateren batean bila dezatela honetan ezin aurkitu dutena.

        Ni neu etsita nago. Nahiz eta askotan gelditu jokoz kanpo, inguruko jokalarien mugimenduei begira, ez dut ikasten, ez dut inondik ere ondo jokatzen asmatzen.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus