Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1993ko ekainak 25

 

        Asperduraren eta arrunkeriaren fantasma zuria dut atzetik, bizitza hogeita hamarrari dagokion bihurgunea pasatzen ari den honetan. Jada ez dago salbatuko nauen libururik edo kantarik, ez dago jada ezagutza miragarri baten esperantza liluragarririk. Handik eta hemendik hartutako puskak, bizitzari egunez egun jarraitzeko ahaleginak, alferrikakoak dira erabat. Miguel Indurainek hartu die aurrea produktu kultural guztiei. Erabat suntsituta utzi du Banesto taldeko nafar txirrindulari harrigarriak eguneroko sentimenduen adierazpen artistikoen tropel ugari multikolorea. Nahiago dut haren Tourreko abenturei begiratu, egilea ezagun, lagun, gogaide eta are adiskide ere dudan kanta entzun edo poema irakurri baino. Eta Indurainen ondoren ere, nahiago titi handiak agerian dituen neska tuntun itxurakoa hiesari edo Jugoslavia ohiaren egoerari buruzko debatea baino.

        Tunel batean sartu nahi dut, barau lasaia egin, ahanzturaren artxipelagoan uhartetxo bat neureganatu, inoren begiradapetik libre. Desintoxikazioa, azken urteotan lar berritu, lizundu eta pozoitu diren barne infernuetarainoko jaitsiera etsi eta ausarta, beldurrik gabea, berriro, aspaldiko partez. Nardatu edo mindu barik, hausturaren lilura hordia sentitzera iritsi, barneko hodi ilun lohiei ahalkerik eta beldurrik gabe begira, dardararik gabe, ezaxolaren lilura bere baitan bildurik duen begirada hotz zientifikoz. Argazkiak egin barne muinei, atseden hartu eta korrokadaka eta puzkerka ari diren artean, perspektiba, angelu eta argiztapen modu berriekin aproba eginez.

        Ahanztura eta bakardadea elkarrekin loturiko bi zulo beltz handi dira, bata bestearekin nahastuak zulo bakarrean. Zulo horretan sartzen denak itsuan egiten du bidaia, noiz eta non jalgiko den jakin gabe, baina bizitzaren barne muinen usain sarkorra sentituz, urrun, urrun, oso urrun, egunkari, irrati eta telebistak inoiz ezin iritsi ahal izango diren eremu ilun, hotz baina hala ere beti etxeko eta abegikorretan.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus