2003ko urtarrilak 30

 

        Errealitate fisikoaz gain, oso zama sinboliko handia du zilbor hestearen mozteak. Baina uste dut etenduraren une horretatik aurrera beste hari sinboliko bat izaten dugula, inolako errealitate fisikorik gabekoa, gogo-gorputzei lotua, inondik inora ere, inola ere, ezin eten dena. Nahastu egiten da hari hori gure ibilien ondorioz, eta ez zaizkigu oharkabekoak gertatzen korapilatzeak eragindako teinkadura inoiz samur eta gozoak, inoiz bortitz eta lazgarriak. Bi indarren arteko lehia da, funtsean, gure gogoa: hariaren behin betiko etendura bilatzen duen kanporanzko indar zentrifugoa da bata; barne-biltze goxo batez hariaren jatorrizko muturrera bihurtu nahi gaituen barruranzko indar zentripetoa bestea. Indar horiek, haria bezala, geure izatearen parte ezin erauziak ditugu. Eta hariak bere korapiloak bezala, nahi ezta ere, maite eta gorrotatu egiten ditugu bi indarrok.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus