2001eko abuztuak 9

PNEUMATIKO HAURRIDEA

 

        Autobusean noa Gipuzkoako herri txiki batera. Elkarrekin solasean ari dira ondoko aulkietan, gaztelaniaz, bi lagun, eta haien solasa heltzen zait belarrietara. Kanpoko ahaide batzuekin Hondarribian izan omen zen atzo haietako bat; ahaideak, Hondarribia aurretik ezagutzen ez eta, guztiz liluratuta geratu omen ziren: harresiak, kale zaharrak, gaueko argiztapena, hondartza, kaia... Pneumatiko lohitu bat dago leihatilatik hasten ikusten dudan mendi bide lehor pinuz inguratu eta sasi-oteek milikatutako batean. Neu ere harritu nauen haurridetasun hunkitu batez begiratu diot pneumatikoari. Malkoak sentitu ditut begietan kilika hura bistatik galtzean. Eta amorrua, amorru debekatu hori.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus