Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

1990eko azaroak 2

IZATEKO ERA

 

        Arazo bat dut besteekin, hurkoarekin. Beti izan dut arazo hori. Beti izan da arazo hori neure izaeraren parte bat. (Neu izan bainaiz beti arazo hori).

        Oso arazo arrunta da, ez dut neuk bakarrik arazo hori, jende askok nozitzen du neuk hurkoarekiko bizi dudan arazoa, ezinegona eta gatazka.

        Nik ez dut normalean nahi izaten dena nahi izaten, nik ez dut nahi ohi dena nahi izaten, nik ez dut nahi behar dena nahi izaten. Nire barne gogoek ez dute logikarik, sistemarik. Ume batenak baitira nire barne gogoak, nortasun zein izaera jakinik gabeko ume irrazional batenak.

        Alabaina, nire barne gogoak ume batenak badira ere, nire adimena, nire mintzamena, nire oroimena, eta baita, jakina, nire gorputza ere, heldutasuna deitzen denera iristear den mutil gazte edo gizon batenak dira, gutxi gorabehera behintzat.

        (Nolanahi ere, ez iezadazue galdetu zer esan nahi dudan barne gogoak esaterakoan, edota adimena, mintzamena, oroimena, eta ezta, jakina, gorputza ere, neuk ere oso ondo ez baitakit).

        Eta kontua da ume batenak diren barne gogo libre, asistematiko eta kaotiko horiek, mutil gazte edo gizon baten adimen, mintzamen, oroimen eta gorputzak mugaturik daudela, harrapatuak eta zapalduak, adimen, mintzamen, oroimen eta gorputz horiek besteren (besteen, hurkoaren) iritziari begira bizi direlako, eta besteren iritzi horrek barne gogoei oso zorrotz erreparatu ohi dielako; eta logika bat, sistema bat eskatzen.

        Barne gogo libre, asistematiko eta kaotikoak eromena deitu eta eritasuntzat jotzen den fenomenoa sorrarazten du hura menperatu, kontrolatu eta zapalduko duen adimen, mintzamen, oroimen edota gorputz errepresiborik ez denean. Baina bestela, menperatu, kontrolatu eta zapaldu egiten badira, nik maiz antzean besteekiko, hurkoarekiko arazotzat jotzen dudan fenomeno hori da barne gogo libre, asistematiko eta kaotikoek pertsonarengan sorrarazten dutena; izen jakinik ez duen eta eritasuntzat jotzen ez den arazoa da; baina arazoa da, nire ustez.

        Arazo horri, hots, barne gogo libre, asistematiko eta kaotiko menperatu, kontrolatu eta zapalduek sortzen duten fenomenoari, nortasun falta deitu ohi zaio batzuetan, gutxi gorabehera behintzat, eta beharbada ez dago gaizki pentsatua ere hori, nortasuna barne gogoen logika edo sistematzat jotzea ez baita ergelkeria zentzugabea.

        Ez dugu lotsatu behar, ordea, nortasun eskasekoak izateagatik. Erakutsi egin behar dugu, nortasun falta izan arren, badakigula zer den gertatzen zaiguna, ezagutzen eta aitortzen dugula besteekiko, hurkoarekiko, dugun arazoa, ezinegona eta gatazka. Erakutsi egin behar dugu nortasun falta nortasun berezi baten ezaugarri besterik ez dela; izaera tinko baten falta, gisa berean, izateko era baten ezaugarri besterik ez den bezalaxe, azken batean.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus