2003ko maiatzak 31

 

        Euskal literatura, euskal kultura, mundutxo erdi-ezkutu hau... Aberri txiki bat da niretzat; bildu eta babesteko, sentitzeko eta sentiarazteko, bizitzeko leku bat... Ez da, ordea, mendiko txoko batean ahaztutako etxola nolanahikoa. Ez gaude jadanik horrela ohituak. Literaturaren ulerberatasun unibertsalak babesa eskainiko dion etxe sendo samarra behar du, garatuko bada. Eta dirua egoten da etxe horretan, indarra egoten da, boterea egoten da. Politika egoten da. Oinarrietan, hormetan, teilatuan, zoruan, paretetan, altzarietan, komuneko zuloan... Nahiz eta idaztea gehienetan, berez, hortik askoz haratagoko —edo, hobeto esanda, honatagoko— kontua izan, nahita ere erabat ezin da ahaztu literaturaren eta politikaren arteko harreman zehatza, zuzena, fisikoa.

        Nik, ordea, ezin diot harreman horri literaturaren ulerberatasun unibertsaletik baino begiratu, zalantzaren begi akaso zabalegiekin.

        Euskal literatura, euskal kultura, mundutxo erdi-ezkutu hau... Aberri txiki bat da niretzat; bildu eta babesteko, sentitzeko eta sentiarazteko, bizitzeko leku bat... Horixe baino ez dakit, ezer jakitekotan, ziurtasun pixka batez.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus