2002ko urriak 30

GIZON BAT LOTAN

 

Gizon bat lotan

izango naiz aurki.

Horrela definitzeko moduko

materia multzo epela, geldoa.

Itsu, mutu, gor, ergel,

ahanzturari emana akordua.

 

Joana, zuengandik banandua, errugabe,

ez zaizkit, ezereztuak, axola izango nik

zuetaz gaizki esanak,

zuen aurka gaizki eginak,

zuei ezer eman gabe neuk,

zuraren bihotza zulatzen duen iltzearen zitalkeriaz,

jan, edan, laztandu, xurgatu, gozatuak oro,

zuekin banatu gabeko patata tortilla guztiak.

 

Eguneroko errugabetasun aro premiazkoan,

materia multzo epela, geldoa,

ez dagoenaren pare, ez denaren antzeko,

aurki izango naiz

gizon bat lotan.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus