1999ko ekainak 25

BUSTITA

 

Euria ari du kalean.

Denontzat da euria,

milioika tanta erortzen nonahi.

Baina tanta bakar batzuk dira,

ez asko, ehunka batzuk akaso,

ileak, muturra eta eskuak

bustitzen ari zaizkidanak.

Zer pentsatuko ote dute

ustekabean nireganatutako tanta horiek?

Harritu egingo bide dira

ni bezalako animalia harrigarri baten larruan,

patuaren burubidea ezin ulerturik

eta madarikatzen seguru askorik,

zerbait hobearen esperoan direnez eroriak.

Berdin dio.

Busti egiten naute,

nahi ez badute ere

ni aintzat hartu beharra dute,

nire larru sinesgaitz hau bustitzea egokitu zaie.

Ez dakit zer, baina banaiz.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus