2005eko apirilak 2

 

        Kontzientzia, kontzientzia eta kontzientzia, besterik ez naizela dirudi. Eguna joan eta eguna etorri, egun osoa neure kontzientziarekin ondo portatzen, egun osoa egin beharrekoa egiten, ahalik eta ondoen, ahalik eta aberatsen, ahalik eta baliagarrien.

        Kontzientziari kanpotik begiratzera ausartzen den ironia ere zuhur zaindua daukat, mugatua, etxekotua, onbideratua. Kontzientziatua.

        Onaren onez gaizki bizi ote naiz ba? Ez zait iruditzen. Ez nau itotzen kontzientziak, ezta hurrik eman ere. Bizi nauten zoroetako bat da kontzientzia, nire kontzientzia gaizki definitu eta trakets hau, nire kontzientzia inkoherente eta aldrebes hau, nire kontzientzia alde guztietatik barruraino arrakalatu hau, zabortegi lohitsuan kausitutako zapata zahar kiderik gabeko baten antzeko nire kontzientzia desfuntsatu hau, inoren aurrerako esplikaezin eta lotsagarri izateraino pertsonal eta aldakorra, itxuragabea; eta zinez eta pozez bizi nau.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus