1997ko abuztuak 31

BERTSO DEGENERATION

 

        Neil Young izan zen bertsotan hasten lehena, purua piztearekin bat. Ez da oso bertsolari iaioa Neil, baina oso gustukoa du altxatu eta eskuak patrikan dituela kantuan aritzea, jator plantak eginez, tripa pixka bat ere atera zaio-eta. Lou Reedek erantzun zion, txukun, serio. Baina, hori bai, ezin behiala bizitzaren alderdi basatian barrena egindako harako bidaia hura aipatu gabe etsi. Egin bazuen egin zuen, bueltaxka ditxosozkoa, arraioa! Janis Joplinek ederki asmatu zuen bertso giroa Louk utzitako putzu ilunetik ateratzen. Huts egitean egindako irribarreak izan ziren haren ekarririk estimagarriena, teknika aldetik Lourengandik oso urrun baitago neskatoa. Leonard Cohenek bertso bakarra kantatu zuen gero, Janisi maitasunez eskainia, Bertso of a ladies' man.

        Jim Morrison, Pete Townshend, Howard Devoto, Patti Smith, Ray Davies eta beste askoren ondoren —Bob Dylan falta zen, Aita Santuaren aurreko emanaldia prestatzen ari—, Jimi Hendrix, Nick Cave eta Tom Waitsek itxi zuten saioa, ofiziotan, goizaldeko ordu txikietan. Ez zen nolanahiko hirukotea, baina nik Hendrixekin flipatu nuen gehienbat. Non arraio ikasi ote du ijito horrek bertsotan? Aurretik sortua ez balitz, Hendrixek asmatuko zukeen bertsolaritza, baina beste era bateko bertsolaritza, zoroagoa, kaotikoagoa, basagoa...

        Malenkonia pittin bat sentitu nuen lagunek alde egin eta harrikoa egiten hasi nintzenean. Anariren diskoa jarri nuen eta rockero zahar haiek guztiek erabilitako plater eta mahai tresnak garbitzea ariketa lasaigarri bihurtu zitzaidan. Oherakoan pentsatu nuen ez nukeela Anari bertsotan entzun nahi.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus