1999ko maiatzak 3

NIRE KOLDARKERIA

 

        Kezkatua nauka, oso, gerrak. NATO Serbia gainera bonbak jaurtitzen hasi zenetik, lehen baino askoz ere estuago eta desosegu handiagoz lotu natzaie irratietako orduroko albistegiei, Kosovo eta Serbiako berrien aiduruago Lizarra-Garazikoen baino.

        Hildakoen kopuruari eta larritasun fisikoari dagokionean, egun Balkanetan bizitzen ari den gatazka ez da azken urteetako odoltsuena, eta beharbada ezta gaur egun munduan pizturik eta sutan dagoen gerrarik gogorrena ere. Ez da, beraz, hildakoek, zaurituek eta iheslariek sentiarazitako errukia benetan desosegatzen nauena. Kasu honetan, nire kezka pertsonalagoa da, egoistagoa, eta horrexegatik da, ez beste ezergatik, larriagoa.

        Gerra honetan, neuk nahi gabe bada ere (baina baita neuk horren kontrako ezer askorik egin gabe ere, egia esan), sartuta nago, eta neuregandik gertu ditut, etxe ondoan, krimen larrien konplize aski zuzenak, orain artean beti «datorren tokitik datorrela» indarkeria gaitzetsi izan duten horiexek berak (NATO hiltzaile; PP, PSE-PSOE, EAJ, RPR, PSF... laguntzaile!).

        Ez da hori ere, dena den, nire desoseguaren jatorri nagusia. Ez beti hain modu zuzen, argi eta gordinean, baina antzeko kontuak ikusi dira beste gerra batzuetan ere. Lehen isilpekoa izaten zen osaba Sami emandako sostengua: errietarik egin gabe nahi zuena egiten uzten zitzaion eta kito. Orain agerikoa da sostengua, horixe da alde bakarra.

        Ni benetan kezkatzen eta desosegatzen nauena Kosovoko gerra zabaldu eta hirugarren mundu-gerra pizteko arriskua da. Ohitua nago injustiziaren eta krimenaren bidez gidatutako mundu anker eta odoltsu bateko kide pribilegiatua izaten, hiltzailez eta konplizez inguratuta bizitzen. Ohitua nago odolez zipriztindutako albistegi lazgarrienen amaieran kirol berriak entzuten, alegia deus ez. Baina neure izate apal eta xume hau arriskuan ikustea besterik da, oraingoz arrisku hori, itxura batean behintzat, aski urruna izanagatik ere.

        Ez da oso jasoa eta esperantzagarria nire ikuspegia, eta inozoa ere irudituko zaio bati baino gehiagori, baina, nire aldetik, hipokrisia zatekeen gai honi beste mutur batetik heltzea.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus