2005eko abuztuak 28

ZEHARKA

 

Zeharka bizi naiz,

gogo guztiak zintzo hezita,

grina guztiak txarrantxaz hesituta.

Erruduntasuna harri eta zalantza porlan

duen horma garaia gainditzera

derrigortuta erabaki bakoitzeko,

ezkerretara jo aurretik

eskuinari muin egitera,

eskuinetara jo aurretik

itzuliko naizela promesa egitera.

 

Ezin naiz zuzenean bizi,

gauzekin eta pertsonekin

bat-batean bat eginez,

izan naizenaren eta

nigandik espero denaren

zama txepeltzailetik libre.

 

Eta honezkero zaila aldatzea.

Eta honezkero ahaleginduta ere alferrik.

Eta honezkero, zuzen-zuzenean, ezta nahi ere.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus