2005eko urriak 24

 

        Poesia ez dela gaur egun jendearengana iristen? Ez akaso liburu barruetan elkarren ondoan pilatuta ezkutatzen diren poemak. Baina poesia beti iritsiko da jendearengana, ezinbestean. Beti izango baitugu poesiaren premia, aldez edo moldez, forma batean ez bada bestean, denok eta gutariko bakoitzak. Eta gainezka egin eta liburuaren esturatik irtendako poesia baldin bada, askoz hobe, gainera.

        Poema liburuak poesia gordetzeko biltegiak baino ez dira; nahiz eta poesia alferrik galdu gabe gordetzea, berez, ezinezkoa izan. Poema liburuak liburuetatik kanpoko poesiarekin ezin ase direnen atseginerako erreserbak dira; nahiz eta poesiaz erabat asetzea, berez, ezinezkoa izan. Kontraesan horiekin bizi da betidanik poesia, genero literario gisa.

        Baina, azken batean, horrela begiratuta, ezintasun eta kontraesan horien guztien zama gainean dutela, ez al dira poetikoagoak ikusten poema liburuak?

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus