2002ko maiatzak 18

 

        Itzaltzen ari dira inguruko argi guztiak. Gaueroko loaldi artegan murgiltzen hasia da etxe ondoko basoa. Geuri ere, munduari eragite neketsua alde batera utzita, erretiratu eta geure baitara biltzea dagokigu; bakean eta neutralizatuta utzi bagenu bezala, ordu batzuetarako mundua ahazteari lotzen gatzaizkio, gauean. Babesa bilatzen dugu, munduan nekatutako beste sabel zafratu batean ahal bada, geure neke propioaren madarikazio ilunean bestela. Babes horixe dugu aberastasunik behinena, eta izutu egiten du munduak eragiten digun —eta eragiten ez badigu etsi-etsian geuk bilatzen diogun— neke hori gabe zer ginatekeen pentsatzeak.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus